Ihesi: Ea, zubiek jositako herria


2006ko otsailaren 26an

Busturialdea eta Lea-Artibai eskualdeen mugan dago Ea herria. Ispaster, Ibarrangelu eta Ereño artean. Itsasoak eta mendiak bat egiten duten lekuan bertan eta Urdaibai Biosfera Erreserbaren mugan. Hiru gune nagusik osatzen dute herri berezi hau: Natxitua, Bedaroa eta Eak. Hiru gune dira, baina Ean dago udaletxea eta berau da herrigunea.

Udara begira dagoen herria dela ere esango du norbaitek. Izan ere aurpegi bi ditu Eak: negukoa bata eta bestea udakoa. Udan jendez gainezka egoten da. Gehiegi askoren gusturako. Asko dira asteburutarako edota uda pasatzeko Ea aukeratzen duten kanpotarrak. Berez, 800 bat lagun bizi dira bertan urte osoan.


Erreka, herriaren ate

Gaur egun ahateen bizileku da ur gutxiko Ea ibaia historia handikoa da. Ea herria ibaiaren alde bietan banatzen da. Alde bata Bedaroako elizatekoa zen XVI. mendera arte eta bestea berriz, Natxitukoa. Horregatik daude eliza bi Ean, ibaiaren alde banatara.

XVI. mendean sortu zuten herria Bedaroa, Ereño eta Natxituako elizateetako arrantzaleek. 1883an elkartu ziren Natxitua eta Bedaroako herriak Ea ibaian eraikitako zubiei esker.

Portua Ea herrigunean dago, ibaiko bokaleko eskumaldean. Itsas goran bakarrik erabili daiteke portu txiki hau, ur eskasia dela eta. Ea ibaia itsasoratzen da bertan, itsasadar estua sortuz. Hondartza bera ere estua da eta beste aldean, bokaleko ezkerraldean dago. Areazko hondartza da berau. Natxituan ere badago beste hondartza bat, baina basatiagoa, harkaitzez osatutakoa da: Lapatza.


Letanien ibilbidea

Gaur egingo dugun ibilbidea PR-BI 168 da. 3,2 kilometrokoa da eta ordubete eta 50 minutu beharko ditugu, gutxi gorabehera. Beraz, denbora izango dugu herria ezagutu, bueltatxo bat egin eta inguruko jatetxeren batean otordu ona egiteko. Ibilbidearen izenak berak adierazten duenez, garai batean eliza eta ermita inguruetan egiten ziren letaniek zein prozesioek Ean izan zuten garrantzia gogorarazi gura du ibilbide honek. Ibilbide osoa »edo ia osoa» ondo markatuta dago margo zuri horiekin zein seinaleekin. Erraz egiten den bidea da, baina zer ikusi asko duena. Baseliza zein baserriez gain, itsasoaren kresala ere badakar letanien bideak.

Eako Jesusen Andramari elizaren ondotik hasten da ibilbidea. Elizaren aurrez aurre jarri, eta ezkerrean dagoen bidea hartu behar dugu. Bide hau, aldapa gora, Bedaroara doan errepideraino heltzen da. Guk errepide nagusia zeharkatu eta goazen bidetik jarraitu behar dugu.


San Bartolome baseliza

San Bartolome baseliza dagoen landaraino helduko gara. Hau Bedaroako lurretan dago. Baseliza izen bereko baserriari lotuta dago, siamesen antzean. Zuri-zuri dago, bidexkaren amaieran.

Inguruan atsedenleku bat ere bada. Mahaiak, sua egiteko lekua, iturria... Ondo prestatuta dago hamaiketako egiteko edota bazkaltzeko. Hemendik Bedaroara doan burdin bidea hartu behar dugu, Olabe baserria eskumara utziz. Honek ere sinpletasunaren enkantua dauka.


Eukalipto eta pinu artean

Bedaroara doan errepide nagusiarekin topo egiten dugunean ezkerrera dagoen Portu baserri ondotik telefonia mugikorreko antenatarantz jo behar dugu. Portu baserriaren eskumatik hasten da errepidea, hesi txiki bat pasatuta. Hau antzina Eatik Bedaroara igotzen zen bidea da, gaur eguneko errepidearekin paraleloa.

Antenarantz bidean Eara edota Bix baserrirako bidea markatzen duten seinaleak aurkituko ditugu. 1,4 kilometro falta dira. Parean usoak ehizatzeko beren beregi jarritako postua dirudien aldamioa dugu. Atentzioa deitzen du, hain handi ikusita. Eukalipto eta pinu artean egingo dugu bidea. Zoritxarrez, Busturialdean bertoko zuhaitzen lekua hartu dute bi zuhaitz horiek.


Itsasoari begira

Berriro ere errepide nagusiarekin egingo dugu topo. Autobus geltokia dagoen lekutik hurbil dagoen Bix baserrira doan bidea hartu behar dugu. Baserrira heldu orduko eskumara dago Earako bidea. Hemendik dena aldapa behera da. Momentu batzuetan malda nahiko bizia da gainera. Batez ere basatza edo lokatza dagoen egunetan. Itsasoari begira egingo dugu hemendik aurrerako bidea. Bizkaiko golkoari begira.


Talako Ama baseliza

Konturatu orduko Talako Ama baselizara heldu gara. Leku aproposa da aulkian jesarri eta itsasoari begira lasai lasai egoteko. Neguan behintzat. Udan seguruenez jendez lepo egongo baita. Diotenez arrantzale batzuk aurkitu zuten amabirjina olatu artean eta euren ontzian hartu. Ermita eraiki zuten gero bere omenez. Arrantzaleek portura sartzean edo portutik irtetean bozina jotzen dute (edo zuten) eta salbea ere eskaintzen diote (zioten) babes ditzan. Hori dio kondairak.

Baselizatik Eako portura ondo egokitutako bide txiki bat dago, kurutzebidea izenekoa. 350 metroko bidea da eta batez ere asteburuetan eta udan jende asko ibiltzen da paseatzen bertatik. Ibilbidea Beletxe etxe ezagunean amaituko da. Belaontzien belak bertan gordetzen zirelako hartu du izen hau etxeak.
Eako portuan gaude. Eako itsasadarra ere politagoa da neguan. Lasaitasuna dakar berarekin. Koloretako txalupa hutsak. Hondartza parean dagoen eraikin erraldoiagatik ez balitz... Udara begira egindako erakinean pertsiana itxiak dira nagusi.

Non jan
Bedarona. Herriko taberna: 946275129
Ea. Aritza taberna: 946275029
Natxitua. Ermintxo: 946277700


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude