Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofizialerantz?
Arte eszenikoetako hainbat aktorek, gidoilarik, elkartek, erakundek eta enpresek plataforma sortu zuten orain dela hilabete batzuk Arte Eszenikoen Goi Mailako Eskola Ofiziala eskatzeko. Plataformako ordezkariak Eusko Jaurlaritzako Unibertsitate eta Ikerketa sailburu Ibone Amezagarekin bildu dira, Jaurlaritzak eskola sortu dezan. Egun ez dago arte eszeniko eskola ofizialik Euskal Herrian eta hutsunea betetze aldera, Hezkuntza eta Kultura sailen arteko lan taldea sortzea eta hark eskolaren bideragarritasun plana egitea proposatu dio plataformak Jaurlaritzari. Jaurlaritzak arte eszenikoak Euskal Herritik kanpo ikasten duten ikasleen datuak eskatu dizkio plataformari. Txostena osatu eta Tontxu Campos Hezkuntza sailburuari bidaliko diola agindu die Amezagak eta datu guztiak mahai gainean dituztenean, batzarra egingo dute.
Euskal Zinemaren Astea Gasteizen
hogeita bigarren aldiz egingo dute Euskal Zinemaren Astea Gasteizen, otsailaren 20tik 25era. Euskal herritarrek zuzendutako edo ekoitzitako hogeita hamar dokumental, film luze eta labur proiektatuko dituzte Vital Kutxak Dendaraban duen aretoan, lau film egunean. Besteak beste Juanma Bajo Ulloaren Frágil, Montxo Armendarizen Obaba, Nacho Vigalondoren Choque, Daniel Calparsororen Ausentes eta Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste!. Film luze eta labur onenak sarituko dituzte Euskal Zinemaren Astean eta Bingen Mendizabal musikaria eta Astearen koordinatzaile José Luis Ramos omenduko dituzte. Maiatzean, Gasteizko NEFF jaialdian, Arkaitz Basterra zuzendari gasteiztarrak Bingen Mendizabali buruz eginiko film luzea eskainiko dute eta Mendiabalek eginiko soinu bandak biltzen dituen liburua plazaratuko.
Iparragirreren Museoa aurki Urretxun
Urretxuko udalak berrehun metro koadroko lokala erosi du herriko Iparragirre plazan bertan eta koblakariaren jaiotetxetik gertu, Joxe Mari Iparragirreri eskainitako museoa paratzeko. Aurtengo aurrekontuan 360.000 euroko partida esleitu du Udalak museorako eta 2007ko lehen hiruhilekorako zabaldu nahi luke. Iparragirreren partitura, eskuizkribu eta dokumentu andana du Udalak eta erakusketa apurtzailea, teknologia berriekin egindakoa, ipini nahi du bertan, bisitariak hunkitze aldera. Bestalde, fonoteka ere jarri nahi dute Iparragirreren obrarekin zerikusia duten grabazioekin. Museoa bera Iparragirreren oroimenarekin lotutako ibilbideak egiteko abiapuntua izango da.
Euskal Herriaren eta Kataluniaren harremanei buruzko erakusketa
Bascos a catalunya, katalanak euskal herrian erakusketa zabaldu dute Donostiako Ernest Lluch kultur etxean. Erakusketak hain ezagunak ez diren harremanak azaleratzen ditu, hogeita lau argazkiren bitartez. Esaterako, katalana finkatzen eta gramatika aztertzen lan handia egindako Pompeufabra Bilbon bizi izan zela bederatzi urtez eta kimika irakatsi eta hizkuntza erromanikoak aztertu zituela edota 36ko Gerran katalan ugari etorri zela Donostiara bizitzera eta La Barceloneta deitzen ziotela Gros auzoari edota bi Katalunien banaketa Irungo Faisaien uhartean sinatu zela. Katalunian bizi den Lander Larrañaga argazkilariak eta Euskal Herrian bizi den Toni Strubell kazetari katalanak apailatu dute, abenduan Donostian sortutako Espai Catalunya topalekuaren ekimenez. Martxoaren 11 arte izango da zabalik.
Metropolitan literatur taldea sortu dute 3 gaztek
Gartxot Unsain eta Beñat Gaztelumendi donostiarrek eta Jon Iraola hernaniarrak Metropolitan literatur taldea osatu dute eta bloga (www.donostialdetik.blogspot.com) sareratu dute, euren idazlanak eta hausnarketak plazaratzeko. 17 eta 18 urte dituzte, idaztea dute gustuko eta Urruzuno eta Koldo Mitxelena literatur sarietan gailendutakoak dira.
Hamlet eta La Tempestad estreinatuko ditu Arriagak
Euskal Herriko, Kataluniako eta Espainiako hogei aktorek Willian Shakespeareren Hamlet eta La Tempestad gaztelaniaz estreinatuko dituzte otsailaren 25ean, Bilboko Arriaga antzokian, bata bestearen jarraian. Lluis Pasqualek zuzendu du Arriaga antzokiak, Bartzelonako Teatre Lliurek eta Madrilgo Teatro Españolek ekoitzitako lanok. Hurrengo emanaldiak martxoaren 4an, 11n, 18an eta 25ean izango dira eta ondoren Bogotan, Espainiako hainbat hiritan eta Bartzelonan eskainiko dituzte. Aitor Mazo, Joseba Apaolaza, Eduard Fernandez eta Marisa Paredes dira aktoreetako batzuk.