EAk jadanik iragarri du datozen udal eta foru hauteskundeetara bakarrik aurkezteko asmoa duela EAEn. Nafarroan, ezaguna denez, Nafarroa Bai koalizioan joango da. Urtebete baino gehiago falta da oraindik hauteskundeetarako, eta gehiago edo gutxiago atera, alderdiak mugimenduak egiten ari dira. EAk, adibidez, jakinarazi du ez dela koalizioan joango EAJrekin, hori bere alderdi izaerari eusteko urrats arriskutsua dela uste du egungo zuzendaritzak. Baina, beste hauteskunde zenbaitzutan ere antzerako jarrera izan du eta azkenean EAJ-EA koalizioa gauzatu da. Gipuzkoako EAJtik, esate baterako, presioa egiten ari zaio EAri zer egin behar duen ahalik eta lasterren erabakitzeko, jeltzaleak azken unera arte zain egongo ez direla esanez. Independenteen formulapean, EAren inguruko zenbait hautetsi erakar ditzaketela uste dute jeltzaleek, eta arbola hori gogor astintzekotan daudela dirudi.