Durangotik Azkoitira


2006ko otsailaren 26an

Bertzeen ile artean zorriak dantzan dabiltzan bitartean, zertaz arduratu gure bartzez? Inork ez du bere burua zigortzen. Inork ez du ispiluak itzultzen dion irudiari itsusi iritzi nahi. Salbuespena izatea maite dugu, baina horretan ere ez gara salbuespen.

Lehengo abenduan, euskal kulturak pairatu duen zentsura aztergai izan zen Durangoko Liburu eta Disko Azokan. Egokiera polita, adar minduari lotzeko. Ez zen halakorik izan. Frankismoaren oroi-minetan ito zitzaigun ahalegina, inoiz ahaleginik egin bazen. Zentsura solaspide, bai, bertzeek guri ezarria den neurrian. Ez, inola ere, geure buruari egin izan dioguna.

Ez zen noski mintzagai eskasean izan. Bilatzen hasita, zentsore zerrenda polita aurki daiteke XX. mendeko euskaltzaleen urrezko liburuan. Gure historia ez hain urrunean, bat baino gehiago dira, ikuspegi erlijioso edo moral jakin batek behartuta, bazterrean gelditu edo zilipurdikatuak ailegatu zaizkigun literatur lanak. Baina ez dugu Miranderenganaino jo behar gurean ere zentsuraren arrastoari usaina hartzeko. Durangon berean, gure kulturak gerla zibilaren ondoan jasan zapalkuntzaz ari ziren bitartean, metro gutxi batzuetara, idazle ezagun batek, azken hamarkadan lan arrakastatsu eta irakurri samarrak plazaratu dituenak, ohiko argitaletxearen babesetik kanpo aurkeztu zuen bere azken nobela. Kausaren traidorea izateak dakartzan bidesariak.

Itxuraz, hemen inoiz ez da izan nazka-nazka eginda plazei adio erran dien bertsolaririk. Ezta bere ideia politikoen kariaz agertokiaren gainean irainak eta botilakadak bildu dituen musikaririk. Denak gaude prest Imanol Lartzabalen omenaldietan malkoren bat isurtzeko. Haatik, premia handienean zebilenean inor gutiren babesa jaso zuen kantari antiguotarrak gure kultur mundu kontzientziatutik. Izan da, bertzalde, ideologiagatik ez, baina bai gure argitalpengintzaren enpresa printzipala egurtzen zuelako editorerik kausitu gabe mahaiz mahai ibili den literatur lanik. Otsoak ez baitu otsokirik jaten. Izan dira, bai, tokian tokiko aginteari deseroso gertatzeagatik saririk gabe gelditu diren liburuak, non kantatu aurkitu ez duten kantariak. Horiek guztiak zentsura ez badira, nik ez dakit zentsura zer den. Erran gabe doa, horietarik, bakarrik ere ez zela Durangon aipatu.

Nolako gozoa den gure mina. Nola goitiarazten dizkigun kolesterol tasak. Noraino laketuak garen gure oinazean, ez baitigu ikustera uzten bertzeena. Ezta bertze horiek gure artekoak direnean ere. Toki guztietan zakurrak oinutsik dabiltza, bistan dena, baina ni ez naiz toki guztietakoa.

Durangokoa gogoan nuela ikusi ditut telebistan Azkoitiko batzar aretoko irudiak. Zertaz harritu? Gure erraten dugun mundutxoan kidekoen mina hain nekez egin badugu geure, zenbateraino ez ote dugun arroztu gu ez omen direnen oinazea.

Bake haizea dabil bazterretan. Ongi etorri, ikuskizunaren luzeak ikusleak nardatzen ez dituen heinean. Baikor ikusten ditut politikari abertzaleak, biolentzia ezak ekarriko dituen aukera berriez. Azkoitiko preso ohien eta beraiek hildakoaren alargunaren kontura piztu den zalapartak, ordea, zirrikitu tikia uzten dio baikortasunari. Delako bakeak ez gaitu "zero mailara" ekarriko. Pistolak isiltzean dena posible izanen dela errepikatzen dutenek ez diote tamaina hartu gure indiferentziak zulatutako arrailaren sakonari. Eztanda bakarrak etxaferuenak direlarik ere ez dugu lan makala izanen gauza gutxi batzuk posible izan daitezen.


Azkenak
Intsusaren bigarrena

Joan urteko udaberrian idatzi nuen intsusari eskainitako aurreneko artikulua eta orduan iragarri nuen bezala, testu sorta baten aurrenekoa izan zen. Sendabelar honen emana eta jakintza agortzen ez den iturriaren parekoa dela nioen eta uste dut udaberriro artikulu bat idazteko... [+]


Arrain-zoparako, besterik ezean, itsasoko igela

Amonak sarritan aipatu zidan badela arrain bat, garai batean kostaldeko herrietako sukalde askotan ohikoa zena. Arrain-zopa egiteko bereziki ezaguna omen zen, oso zaporetsua baita labean erreta jateko ere. Beti platerean oroitzen dut, eta beraz, orain gutxira arte oharkabeko... [+]


2024-04-22 | Jakoba Errekondo
Lurra elikatu, guk jan

Lurrari begira jartzea zaila da. Kosta egiten da. Landareekin lan egiten duenak maiz haiek bakarrik ikusten ditu. Etekina, uzta, ekoizpena, mozkina, errebenioa, emana, azken zurienean “porru-hazia” bezalako hitzak dira nagusi lur-langileen hizkuntzan.


2024-04-22 | Garazi Zabaleta
Txaramela
Pasta ekologikoa, ortuko barazki eta espezieekin egina

Duela hamabi urte pasatxo ezagutu zuten elkar Izaskun Urbaneta Ocejok eta Ainara Baguer Gonzalezek, ingurumen hezkuntzako programa batean lanean ari zirela. Garaian, lurretik hurbilago egoteko gogoa zuten biek, teoriatik praktikara pasa eta proiektu bat martxan jartzekoa... [+]


'Cristóbal Balenciaga' telesaila
"Nabaritu dadila euskaldun batzuok euskaldun baten istorioa kontatu dugula"

Cristóbal Balenciaga diseinatzailearen biografia kutsuko fikziozko telesaila egin du Moriarti hirukoteak, Disney+ plataformarentzat. Estreinakoa dute formatu horretan. Aitor Arregi eta Jon Garañorekin egin du hitzordua ARGIAk, Jose Mari Goenaga kanpoan baitzen,... [+]


Eguneraketa berriak daude