argia.eus
INPRIMATU
"Asteasuko casheroa" (sic)
Juan Ramon Makuso 2006ko otsailaren 26a
Ahaztuta neuzkan horrelako adierazpenak. Eta egia esan, pena, atsekabea, sentitu nuen berriro horrelakoak entzun behar izateak. Kasu honetan, gainera, ikusi eta entzun nituelako, txoritxoaren moko txikitik. Niretzat, esaldia, iragana da, iragana irudikatzen baitute hitza horiek nire baitan, dej… vu bat dira. Antza, nonbait, ez da horrelakorik gertatzen. Beste mende batean bizitzeak ez du inolako eraginik izan gure artean, iraganaren konplexuak, mamu baten modura berpizten baitira. Aurrerakuntza eta aurrerapenak Ilustrazioak iragarri zituen, edo behintzat asmo horiek izan zituen. Baina gurean ez, nahiz eta Euskal Herrian Ilustrazioak izan dituen adibide onak, Elhuyar anaiak kasu. Gurean iraganak gehiegizko zama dauka, edo agian erosoago gaude iraganean. Badirudi oraindik ez dugula geureganatu gure zelaietatik metak desagertu direla eta metafora bat baino ez direla. Metak bola bihurtu direla eta belatzeetan metamorfosi bat, itxuraldaketa bat eman dela. Asteasun, Jose Irazuk idazteari ekin zion egun batean. Eta Jesus Mari Irazuk filosofia ikastea pentsatu zuen. Eta orokorrean asteasuarrek nahi dutena egin dute. Adibidez, orain judoa egiten dute.