"Luzea, gogorra eta zaila" izaten da beti bake prozesu bat, baita kontsentsuatua dagoenean ere. Beraz, zeresanik ez, PP moduko alderdi indartsu bat kontsentsu horretatik at badago. Horrek sekulako zalantzak uzten ditu airean, bake prozesuaren gidarien kontroletik at. Zapaterok joan den astean egindako adierazpena ondo hartu da alde guztietan, PPrenean ezik, noski. UGT eta LABen bilera ofiziala ere hor dago. Ramon Jauregiren adierazpenak... Mugitzen ari dena norabide egokian mugitzen ari da, antza denez. Orain, berriz ere, Zapaterok, eragile politiko gehienek eta komunikabideek, iritzi publikoa ETAri begira jarri dute, eta honek su-etena egunetan eman dezakeela iradokitzen da. Egia da, su-eten ala nolabaiteko keinu handia egin beharko duela erakunde armatuak uda aurretik alderdien mahaia eratu nahi bada, eta eragile garrantzitsuenek diote mahaia uda aurretik eratzeko moduan egon litekeela. Baina datu argi eta zehatzik ez da ezagutzen eta, beraz, interpretazioak ate guztiak parez pare zabalik ditu.