argia.eus
INPRIMATU
Hankapeko pikulia haizean
Jakoba Errekondo 2021eko uztailaren 28a

XVI. mendearen amaian eta XVII.aren lehen erdian ederki ezagutuko zuten gure arbasoek mihilua (Foeniculum vulgare). Ordura arte batez ere botika gisa erabilia zen landarea jateko ohitura zabaldu zen Enrike IV.a eta Luis XIII.a erregeen ipurzerbitzaileen gortean. Eta hauek etxeraino eraman moda modukoa. Euskal Herrira ere iritsiko zen. Ezaguna zuten berezko mihilu basatiaz gain baratzetako barietateak etorriko ziren. Gero, moda ero, pixkanaka ahaztu eta aurreko mende amaieran berriro azaldu da barazki berexi gisa. Geurean ez azokan, ez platerean, ez da topatzen erraza.

Mihilu basatia gizakiok eraldatu ditugun ingurune ia denetan bizi da: areka, azaki, lugorri eta lur etzetan. Berezko landaretza zanpatzen dugun tokietan azkar asko asentatuko da mihilua. Geure pausaje berean kolonizatzen ditu sailak, hankapekoa dugu. Elkarren ondoan ibiltzearen poderioz azkenerako ezagutu! Mihiluak izan dituen hiru erabilera nagusiak: olio esentzialak, usaingarriak (aniseta, ouzoa, pastis rakia…) eta, zaharrena, osasungintza.

Geure artean ere izango zituen plateraz besteko toki hauek, han eta hemen hogei bat izen eman baitizkiogu, tartean mitxilu, mielo, pikuli, pukulu…

Etxe atzeko paisaiara eta barruko plateretara ekarri nahian ereina dut mihilua. Hostoak eta zortenak entsaladara, haziak pertzara eta uxualetara, fruituen olioak azalera, hiru metro arterainoko gara muturretako loreak erleen gozagarri, terral mehearen itxura paisaiari, ateburuan zintzilik etxearen babes eta atarian eroritako haziak zanpatzean usain ederra dakar, asko uste gabe, jende orok. Barazki gisa jango duenari sortuko dion haize-mina kentzeko eta barrunbeak baretzeko berorren haziak pronto izango dira infusiorako, erremedio onena.