argia.eus
INPRIMATU
Jon Arretxe: «Uste dut Kleopatra komiki nobelatu gisa ulertu behar dela»
Pilar Iparragirre 2006ko otsailaren 12a
Gustukoa al duzu genero beltza?
Oso. Jolas baten modukoa da niretzat horrelakoak idaztea, dibertitu egiten naiz, eta irakurlea dibertitzea eta harritzea nahi nuke beraietan agertzen ditudan gertakizunekin. Manila konexioa-ren emaitza onak animatu egin nau antzeko istorio bat eratzera, hartan agertzen diren pertsonaia nagusiak aprobetxatuz.

Nolakoak dira, zure ustez, detektibe horiek?
Antiheroiak dira, pertsonaia karikatureskoak, ohiko detektibe adimentsu, indartsu eta galanten guztiz kontrakoak. Etxeberi, dena dela, halako sinpatia puntu bat dariola iruditzen zait.

Eleberri honetan, dena den, bada beste pertsonaia nabarmen bat: Putz.
Agian berau da deliranteena. Bere aita ere hilko luke odol hotzez herentzia eskuratzearren. Gizon horrek, Putz edo Peralesek, halako obsesioa dauka trenekin. Horrez gain, igel-tokazalea da, apustuzalea, ama night club batean dauka lanean bien mantenua lortzeko...

Zein izan da liburuan komiki orri batzuk sartzearen arrazoia?
Nik esango nuke liburuak komiki-estetika oso nabaria duela. Horregatik ipini ditugu Cristina Fernández Blancok egindako komikiak liburuaren hasieran eta bukaeran, irakurleak «kontxo!» esan, eta beste logika batez har dezan etorriko zaiona. Komikietan ohikoagoa da Kleopatran agertzen den mundu gordin, ilun, zoro eta absurdoa nobeletan baino. Eta benetan uste dut Kleopatra komiki nobelatu gisa ulertu behar dela.