Hotzeria, burutik beherakoa, marranta... Hainbat izen, baina gaitz edo egoera oso ohizkoa, urte-sasoi honetan gutariko ia gehienok ezinbestean jasan beharko duguna. Eta umetan zer esanik ez, urtean bost edo sei aldiz harrapatzen baitituzte horrelakoak. Betiko galdera izaten da ea hotzeria eta gripea gauza bera ote diren, eta medikuak beti gauza bera erantzuten du: hotzeria eta gripea birusak eragindako egoerak dira bata nahiz bestea, baina hortik aurrera diferenteak dira bere sintomak, eta baita tratamendua ere. Gaurkoan hotzeriari aurre egiteko gomendioak emango ditugu, edozein adinetarako baliagarri direnak:
- Pertsonaren egoera orokorra hobetzeko, eta hotzeriaren konplikazioak -gerora infekzioa agertzeko arriskua, adibidez- saihesteko, gauzarik garrantzitsuena mukositatea mugiaraztea eta kanporatzea da, sudurra suero fisiologikoarekin garbituz. Ume txikitan, berriz, mukiak aspiratzeko aparatu berezi bat erabil daiteke.
- Sukarrik balitz, antitermiko bat erabiliko da. Umeen kasuan, hobe aspirina edo azido azetil-salizilikorik ez duten botikak erabiltzea, parazetamola esaterako. Gogoratu behin baino gehiagotan aipatu dudan Reye-ren sindromea bezala ezagutzen den konplikazioa, larria bezain arraroa, gerta daitekeela haurretan eta aditu batzuen ustez aspirina erabiltzearekin lotua egon daitekeela sindrome hori. Beraz, ahal izanez gero beste botikaren bat erabili ume txikiei sukarra jaisteko.
- Etxeko giroak heze samarra izan behar du. Hori lortzeko hezegailua erabil daiteke, edo ur beroarekin betetako ontziak jarri etxeko geletan, berogailuaren gainean esaterako, gela osoa lurrunez betetzeko; baina betiere umeen eskueratik urrun.
- Garrantzi handikoa da likido ugari edatea -ura, freskagarriak edo zukuak, batez ere-, mukiak errazago kanporatu ahal izateko.
- Gogoratu antibiotikoek ez dutela ezertarako balio hotzeriarentzat. Ez da komeni gaixo dagoen pertsonak arropa gehiegi janztea, ezta etxean geratzea ere -birusak errazago barreiatzen baitira leku itxian, kanpoan baino-.