Azken garaietan behin eta berriz errepikatu behar izan dut esaldi hau: ez naiz saltzailea. Ez dut lotsaren zentzu konbentzionalik eta, ikuspuntu arruntetik begiratuta, ziur aski lotsagabetasunetik gertuago nago herabetasunetik baino. Hala ere, oraindik ere auzo lotsa, leporia sentitzen dut inork bere buruaren gorazarre eta omenaldi egiten ikusten dudanean. Gure amak esan ohi du: "Norberak goraipamen, kaka segurua omen".
Horregatik harritu egiten nau igartzeak saltzailetasuna nola eta noraino sartu den eguneko kultur eragileen kulturan. Alegia, edonork funtzio bat prestatu, liburuxka bat idatzi, telebista programa bat abiatu, txingurrien puzkarrei buruzko azterketa bat egin... Prentsaurrekoa deitu eta hantxe hasiko zaizkizu denak garai bateko berritsuen moduan jeneroa kantatzen. Zein ona den, zein polita, zein merkea, guztiz beharrezkoa zela soziedadearentzat eta oraindaino ez zela inoiz horrelakorik egin.
Ez dut ezer saltzaileen aurka. Beharrezkoak izango dira agian eguneroko bizitzan. Txistulariak bezainbeste. Ni, ordea, ez naiz saltzailea. Txistularia bai. Baina eroslea ere txarra.
* * *
Azken boladako gure politikagintzan epekako salmenta ari da indartzen. Bakoitzak bere bezero zaharrei jenero berriaren bertuteak kantatu behar dizkio eta erosarazi. Betikoa erosten ari dela sinestarazten, noski. Aldatzen ari dela aitortuz gero, gerta liteke lehengo produktuarekin lotuta sentitzen zirenek beste baterako salto ematea. Eta inork ez du bezerorik galdu nahi.
Artzainaren irudia garbiago izango da agian. Artalde guztiak mugitu behar dira, beste larretara eraman behar. Zaharretan belarra eskasa eta indar gutxikoa baita. Bidean denetarik dago: pasabide estu arriskutsuak, amildegiak, otsoak, lapurrak... Hala ere, artzain nagusiek abiatzea erabaki dute. Besterik ezinean. Bada, baina, joan nahi ez duen bat eta morroien artean honekin ados daudenak ere ez dira urriak. Asmakiloa: nola burutu txangoa?
Epeka da erantzuna. Ez gaitezen konturatu ziaboga egiten ari garenik. Traineruetan iparrerantz gindoazen eta hegorantz joatea hobe dela konturatu zaizkigu timonelak. Errazagoa al zen lehenago zergatik eramaten gintuzten harantz eta orain zergatik erabaki duten honantz joatea xehe mehe adieraztea? Ez. Lehenago ere, saltzaile bizkorren gisan, propaganda handia egin zutelako: hura zen bide bakarra. Bakoitzak berea -norberak goraipamen-, baina itxuraz besterik ez zegoen. Zenbat diru, energia, bitartekari ez zuten inbertitu hura sinestarazten. Txiri-buelta epeka, pixkanaka, ezari-ezarian egin beste aukerarik ez dago. Horrela errazagoa izango da atzera itzultzea, gaizki ateraz gero errua besteei leporatzea, eta batez ere saltzaile berberak, artzain nagusi berberak, lemazain berberak mantentzea.
* * *
Lagun asko kezkatuta ikusten ditut gaurko egoera honekin. Denek diote badagoela zerbait, baina ez da ezer zehatzik ikusten. Inor ez da mugitzen... Ea usteltzen den... Nik ez dut horrela ikusten. Nire ustez, kontu asko mugitu dira eta, oroimena apurtxo bat astinduta, oso azkar mugitu direla esango nuke. Horixe azkarrago ibiltzea nahiko nukeela! Batez ere egoeraren benetako sufrimendua zuzenean pairatzen dutenak gogoan hartuta. Astero zenbat familia autoan edo autobusean urrutiko espetxeetara. Egunero zenbat pertsona beldurrez zerbait egingo ote dieten. Ordu oro, minutu oro, asko eta asko oroitzapen gaiztoz edo gorrotoz oraindik. Larre zaharretan belar onik ez dago.
Baina, nondik abiatu ginen gogoratuta eta merkatuaren legeak -saltzaile-erosle harremanak, alegia- ezagututa, martxa onean goazela egingo nuke. Otsoak eta lapurrak hortxe daude, Pepe artzain temosoa ere bai. Harrigarria, beste artaldeen morroi zirtzil batzuekin bat egingo luke transhumanzia hau hondatzearren. Uste dut ilunabar gutxi geratzen direla. Baina horietan begi zorrotz ibili beharko benetan larre gurietara iritsi nahi badugu.
* * *
Etorkizunerako ondorioak. Hobe norberak produktuak ikusita, ukituta, dastatuta, zer erosten duen erabakitzea. Saltzaileen bitartekaritza ahalik eta gehien murriztuz. Hobe artzain, ardi bakarreko artzain, artalde handiko kide baino. Hobe txalupa txikian, nor bere martxan, traineru handian danborraren erritmoan arrauna eragiten baino.
Hala ere, ez gehiegi fidatu nirekin. Esan dizuet ez naizela saltzailea. Eta eroslea oso txarra. Txistulari gisan, aldiz, txukun moldatzen naiz.