argia.eus
INPRIMATU
Hasierako estatutuaren helburuen eta abertzaleen arteko elkarlanaren porrota Katalunian (Bero-beroan)
2006ko otsailaren 05
Kataluniako Estatutu berriaren helburua finantzazioan zegoela onartzen zuten berau bultzatu eta adostu zuten PSC, ERC, ICV eta CiUk. Kataluniaren nazio izaeraren helburua ere funtsezkoa zen haientzat. Orain arteko negoziazioaren ondorioz, bietan egin dute porrot oinarrizko planteamendu politikoetan. Finantzazioan bi eduki funtsezko biltzen du Legebiltzarrean onartutako Estatutu berriak: bat, Zerga Agentzia katalana; bi, Estatuarekiko aldebiko harremana finantza eta ekonomi gaietan. CiU-PSOE negoziazioaren ondorioz, Zerga Agentzia katalanik ez da, eta oraingoz Generalitatak eta Espainiako Gobernuak partekatuko dute datozen bi urteetan Zerga Agentzia. Aldebikotasunik ere ez da lortu. Nazioari dagokionez, artikulatutik ezabatu eta hitzaurrean eman zaion idazkerak -Kataluniako Legebiltzarrak Katalunia nazioa dela dioela-, funtsean Espainiak nazio izaera hori arbuiatzen duela adierazten du. Politikariek eramandako negoziazioa izan da Estatutuarena, gizarte mailako bultzadarik ez da izan, eta ERCk ordaindu du emaitza. Oso posizio gaitzean geratu da eta ERCk eta CiUk adostutakoaren arbuioa bukaeraraino eramaten badu, Generalitatean mantentzeko agertutako borondatea gauzaezina izango da seguruenik. Ikusteko dagoena da katalan herritar abertzaleek zer dioten egoera berriaz eta CiUren jokaldiaz, baina argi dagoena da epe laburrean bederen katalan abertzaleen arteko elkarlanak ez duela etorkizunik.