argia.eus
INPRIMATU
Etnofitozidioa
Jakoba Errekondo 2006ko otsailaren 05

Lagun artzain batzuen aitzakian nator gaur. Artaldeko ardi amen errapeen emaria ugaldu nahian, gauero aterperatutakoan ematen dieten majerako jatenean aldaketa batzuk probatzen ari dira. Saio hauetako bat orain artean sekulan eman gabeko soja ematea izan da.

Soja, lekadunen familiako Glycine max, urte gutxi buruan munduko landare sonatuenetakoa bihurtu da. Transgenikoen negoziotzarra, betirako inoizko etnofitozidio nahitaezkoa oinarri duen negoziotzarra, sororatzetik du sona hori bere.

Artzainaren saioa eta, burutazio pare bat datorkit. Biko bat; batera bi. Gaur egun, Europan lehen soja transgenikoa ametitu zenetik bederatzi urtera, artoa edo soja aipatzen entzun ordurako amorruaren azakiaren aldeko ipularrera doakidan gogoaren burutazio bikoitza. Soja ekologikoa da edo transgenikoa da. Ekologikoa bada, soja egin duen nekazaria, artzaina, gaztajalea eta axurijalea eta tarteko guztiak, gutako bakoitza guzion eta gu denon lurraren etorkizunari serio demonio heltzen diotenen artekoak dira.

Soja ekologikoa ez bada transgenikoa da. Transgenikoa bada, non edo hemen, han eta hemen, nekazari zanpatu bat, sermoi zuriz limurturiko artzaina, kontsumitzaile zorpetu pobretu bat eta aurreko, atzeko, gaineko eta bitarteko "datorrena datorrela baina ni kolkoa bete diru" ugari.

Lagun artzainarenak bezala inguruko zenbat eta zenbat baserritako aziendak bazkatzen du arto edo soja transgenikoa? Ia den denak. Hotzikara, lagunen gaztan ere zalantza…