argia.eus
INPRIMATU
Beleekiko arbola (1822)
Itxaro Borda 2006ko otsailaren 5
Zer dira neguak eta mendeek torturatu zuhaitz horiek? Usteltze sentimendua dakarte beherean agertzen diren erro metatu eta bihurriek. Gorago, hondoa osatzen duela, goroldioz estali mendi apal bat altxatzen da, zuhaitzaren mehartasun biluzia azpimarratuz. Eta argitze tenorean, ama ontziaren antzera urratzen zaion zerua, pastel kolore beroz hedatzen da, dena horail, gorrail eta ubel.
Ortzea eta zuhaitz abarrak beleen erresumak dira: saldoan dabiltza eta batzuk gu bezala, bakarka. Zuhaitza lurrean zehazki sustraitzen da, beleak aldiz marra soilez hegaldatzen direla. Margoari begira pentsati gaude: Danteren hildotik, arbola pairatua jendetzen balitz bat-batean, gaurko mundu botere eta diruz ezin aseko kide herresta bat litzateke, ohorearen altzo guztietarik baztertua azalagatik, ofizioagatik, hizkuntzagatik, pobretasun usainagatik. Eta iraindua.
Ez dakigu beleek zer irudikatzen duten: denborak are okerrago joanen direlako mehatxua ala goizetako aizkorriaren poza? Caspar David Friedrichen taularen aitzinean gogoeta une luzeak higatu ditugu, Louvresen berriro.
Maite ditugun hirien bozkarioa biderkatzen dute beleek.
Eta jende daitezkeen arbolek.