Pedro Mari Otaño Barriola Zizurkilgo Errekalde baserrian jaio zen 1857ko hilbeltzaren 26an. 1891n Donostian ezkondu eta bertan jarri zen bizitzen. 1895ean idatzi zuen Zerbait liburua da bertsolari batek bizi zela argitaratutako lehenengoa. Hirutan joan zen Argentinara eta panpan artzain eta Buenos Airesen euskara irakasle aritu zen. Herriminaren minez, bertsootan hezurrak Euskal Herrian uzteko nahia adierazi bazuen ere, 1910eko lorailaren 5ean Argentinako Santa Fe probintziako Rosario hirian hil zen.
1) Euskal-Erriko lur maite artan
jaio nintzan baserriyan,
itzal aundiko intxaur arbol bat
dago gure atariyan;
aren ondotik iretan da noiznai
maldako gaztañariyan,
edo sagarrik onenak jaten
luberriko sagastiyan,
arbol tartian bizitu nintzan
gazte denbora guztiyan.
2) Denak utzi ta etorri nintzan,
lur au ikusi nai nuan!
Aritz tantaiak, pago lerdenak
nola ez izan goguan!
Oraiñ artzantzan Ameriketan
arrantxo baten onduan,
eguna pasa larrian eta
jiratzen naizen orduan,
nere begiyak gozatzen dira
aldameneko ombuan.
3) Ainbesteraño tristetutzen naiz
eremu zabal oietan,
arbolak, mendi eta errekak
falta diran zelaietan,
non etorri ta eseritzean
ombutzar onen zañetan,
edo igo ta osto tartian
bere adar bikañetan,
ene, amatxo! nik nola esan
zenbat gozatutzen detan!
4) Txabol ondoko ombu laztana,
maitatzen zaitut gogotik,
eta biyotza erdibitzen zait
joatian zure ondotik
nere burura ekartzen dezun
oroimen gozuagatik
zure itxura ikusi nai det,
ez dizut eskatzen frutik
ni emen bizi naizen artian,
arren, egon zaite zutik!
5) Nere lagunik maitatuena,
ombu laztana, zu zera,
argatik nator zure kolkora
ni malkuak isurtzera,
iduriturik naramazula
atariko intxaurpera...
Beti izango zaitut goguan,
bañan joan nai det ostera
Euskal-lurreko arbolpe artan
nere ezurrak uztera.
Bertsook 1900. urtean Buenos Airesko La Vasconia aldizkariaren 234 zenbakian argitaratu ziren lehenik.