argia.eus
INPRIMATU
Ipar-Hego
Joxemari Ostolaza 2021eko uztailaren 16a
Hegoaren iparra eta Iparraren hegoa nahasian. Bere xaia eraikia duena. Hamar urte beteak ditu eta bere errepertorioa egina du. Doinu bakoitzak du adostua erritmoa, tonua eta armonia, guztiok batera egiteko bilgunea. Eta zutabe horren gainean aritzen dira sortzaileak, etorri berriei beren lekua egin dezaten egitura logikoa eskainiz. Desafinatzen dutenak nabarmen gelditzen direnez, armonia hausten dutenez, dozena erdi konpas aski dituzte isiltzeko eta ikasi bitartean entzule soilak legez gelditzeko. Afinatzeko gauza direnek aldiz, betiere dute beren talentua erakusteko aukera, eta hastapenean inprobisatutakoa zutabean integratuz, egituraren armonia bilakatuz, bertakotzeko aukera. Horrela doa denbora baliatuz azkartzen taldea, bere barne izatea aberasten eta kanpora emaitzak emanez bidea erakusten. Euskara du elkar komunikatzeko tresna, partaideak bi erdarek bereizten baititu. Eskola ona musikaz. Prozesuak ditu proiektuak eraikitzen. Horretan ditugu modernoak oso, eredugarriak nahi gabe ere. Gipuzkoako Goierrik eta Lapurdiko Urruñak eta Ziburuk dakite hori. Euskal Herrira esportatzeko esperientzia. Behetik gorako estrategia, elkarren errespetuan oinarritua. Plazer bat. Mugarik ez duena.