argia.eus
INPRIMATU
Ezpain hilezkorrak
Castillo Suárez @casti_suarez 2006ko urtarrilaren 29a
Erbestean bizitzea erabaki nuen nire herritik alde egin gabe. Erbestea aukeratu nuen aukera ematen zidalako menpekorik zein nagusirik gabe bizitzeko. Bakarrik bizi nintzen hori hautatu nuelako oroitzen ez dudan uneren batean: erbestea beti da hautatua kontrako iritzia zabaldua egonagatik. Eta erabateko bakardadea ezagutu nuen ingurukoen oroitzapen bakar bat erdibana ez nuela ohartu nintzenean. Une horretatik aurrera, ordea, nire oroitzapen propioak egiten hasi nintzen. Niretzat bakarrik. Alde batera utzi nuen osotasun bat ez osatzearen ideia arraro eta deseroso hori, zure bizitzaren zati txikitxo bat bizitzeko aukera murritza. Ezezagun bat aurkitu nuen inguru ezagun batean. Norbait aurkitu nuen: ni, eta ez zu.
"Ez dizkizut postal gehiago bidaliko atzerritik./Ez duzu nire minaren geografia zertan ezagutu.(...)/Hotz jokatzen dut urrutitik,/babes bila, defentsan,/ez nadin ahul azaldu, tristeegi./Bestelakoa litzateke izar bat eta zazpi musu entregatzea,/ez orbel zaku bat./Ez da erraza aitortzen, ez nuke jasango.(...)/Samurragoa da galerna/hondoratzera goazela irri egiten baduzu". (Jon Benito).