argia.eus
INPRIMATU
Aldizkako azterketak, prostatako minbiziari aurre hartzeko modurik onena
Jabier Agirre 2006ko urtarrilaren 29a

Gurea bezalako gizartean, gizonak gehien erasaten dituzten gaixotasun larrien ranking-ean, prostatako minbiziak hartzen du bigarren lekua, biriketakoaren atzetik. Hala ere, gaur egun prebentzio eta atzemate goiztiarra eta tratamendu-aukera desberdinak tresna eraginkorrak dira 50 urtetik gorako gizonen artean egunetik egunera prebalentzia-indize altuagoak dituen gaitzari aurre egiteko.

Prostata gizonezkoaren guruin bat da, maskuriaren azpian eta ondestearen aurrean dagoena. Bera da eiakulazioa edo isurketa bitartean semena garraiatzen duen isurkaria jariatzen duen guruina. Eta, zoritxarrez, gizonaren puntu ahulenetakoa bilakatu da, adinarekin minbizia nahiko maiz agertzen baita prostatan.

Horregatik, prostatako aldizkako azterketak ia ezinbesteko bihurtu dira 50 urtetik gorako gizonarentzat. Azterketa horietan leku nabarmena du ondestea ukitzeak, proba horren bitartez urologoak -edo minbizi-kontuetan aditua den onkologoak- informazio oso baliagarria lortuko baitu. Beste funtsezko proba odol-analisi batean prostataren antigeno espezifikoa -PSA deitua- neurtzea da, antigeno hori altu samar egoten baita minbizi-kasuetan -antigeno maila altua, aitzitik, ez da beti minbizi-kasuen adierazgarri-. Beraz, ez larritu garaia baino lehen. Diagnostikatzeko zailagoak diren kasuetan, prostatako biopsia egiten da, ondestean zeharreko ekografia baliatuz.

Modu batera nahiz bestera, minbizia hasierako estadioetan diagnostikatu edo atzematen denean -T1 eta T2 faseetan, hain zuzen ere-, sendatzeko modukoa da eta hori oso kontuan hartzeko datua da. Gaur egun, aldizkako azterketetan oinarritutako segimenduari esker, prostatako kartzinomen %90 metastasiak eman aurreko faseetan diagnostikatzen dira, eta tratamenduak arrakasta izaten du.