Unidad Alavesa bizirik ote?


2006ko urtarrilaren 22an
Unidad Alavesa (UA) 2005ean desegin zen, Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan eserlekurik gabe gelditu eta gero. Egia da, halere, alderdi politiko horren hondar instituzionalak ez direla guztiz iraungi, Arabako Biltzar Nagusietan ordezkaritza oraindik baduelako. Gogora dezagun, labur bada ere, UAk egin duen bidea. Bere debut elektorala 1990eko EAEko hauteskunde autonomikoetan izan zen, Arabako hautesleen %11 eta 3 eserleku lortuz. Hala ere, bere erpina, eremu autonomikoan, lau urte beranduago erdietsi zuen %19 eta 5 ordezkari atereaz eta Arabako bigarren indar bihurtuz. Hortik aurrera gainbehera etorri zitzaien alavesistei, iazko hauteskundeek 15 urteko ibilbideari amaiera jarri zioten arte. Hortaz, 1994an bost arabarretik batek indar horren aldeko hautua egin zuen. Zergatik?

Alavesismo sozialaren sakontasuna. Erantzun bila, urrats berri bat eman behar dugu: UAtik alavesismo sozialera. Aitortu behar da UAren sortzaileak estratega ezin abilagoak izan zirela, gizartean puri-purian zegoen sentimendua ederki baliatu zutelako. Sentimendu hori zertan zetzan azaltzeak luze joko luke, baina motibo guztien artetik Arabako nortasun desberdinarena gailentzen zen; ezberdina eta arbuiatua, nonbait. Izan ere, Bizkaiko burgesiarekin XIX. mendean izandako tirabiren zapore mingotsa, euskal nazionalismoak -bere adiera guztietan- gidatzen zuen berpizkunde nazionalarekin eta erakundetze autonomikoarekin areagotu zen. Bizkaia eta Gipuzkoatik Arabara iristen zen guztia, alavesismo sozial horrentzat, arabarren kontrakoa omen zen, jarrera hori mutur ezin bitxiagoraino eramanez; adibidez, Jaurlaritzak bere egoitza nagusia Gasteizen kokatzea ere gaitzetsi zuen alavesismo sozialak.

Tirabira horren funtsean bazegoen borroka ideologiko sakona: bi nortasun nazionalen arteko lehia; alegia, espainiar eta euskal nazionalismoen artekoa. Izan ere, alavesismoak espainiar nortasuna bere egin zuen, aldi berean euskal nazionalismoari aurre eginez. Hartara, Madrilgo zentralismoak Arabako eskubide historikoak murriztu izana alavesismoak salatu ordez, erakundetze autonomiko berriari leporatu zion bekatu zentralista. Ildo beretik, Espainiak eragindako asimilazio kulturala alavesismoak ontzat ematen zuen bitartean, nazionalismoak bultzaturiko euskal kulturaren berpizkundea -euskara barne- gaitzesten zuen.

Kexaren arrazoiak eta gehiegikeriak. Alavesismoaren kexa batzuek, halere, oinarri sendo bat aurkitu zuten euskal nazionalismoaren baldarkerian. Mugimendu nazionalistak landu dituen estrategiek eta taktikek Bizkaia eta Gipuzkoa izan ditu ardatz, gehienetan arabarren berezitasunak aintzakotzat hartu gabe. Araba ez da, halaber, Euskal Herrian ezberdina den bakarra, Nafarroaz zein Iparraldeko hiru lurraldeetako bakoitzaz ere beste horrenbeste esan daiteke-eta. Hartara, Euskal Herriko irudi estu eta murriztu horren ondorioz euskal lurralde batzuk periferia bihurtu dira. Arabara itzuliz, UA sortu baino lehenagoko adibide bakar bat -gehiegi ez luzatzearren- emango dugu, kasu honetan nazionalismo instituzionalaren baldarkeriaren adierazlea dena: lan-egutegia ezartzeko eskuduntza Jaurlaritzak bere gain hartzean, uztailaren 25eko Santiago Apostoluaren festa lan-egun izendatu zuen, data hori Gasteizen oso jaiegun inportantea zela konturatu gabe: Blusen Eguna, hain zuzen. Halako ekintzek ederki lagundu zuten alavesismo soziala berpizten.

Alde horretatik begiratuta, alavesismo sozial kexati horren izenean politikan aritu nahi zuen edonorentzat Araba lur emankorra zen, eta UAk bete-betean asmatu zuen ikur hori baliatzen. Alabaina, arabarrak bizkaitarren eta giputzen kontra jartzen UA sutsuki saiatu zela ere, salatu behar da; baita, bide horretatik gehiegikeria asko egin zuela ere -80. hamarkadako lehorte gogoangarrian, Araba Bilboko txongil edo botijo bihurtu zutela batere lotsarik gabe esaten zuenean, adibidez-.

Lehengo lepotik burua. 2005ean ere, arabar izaera ze gutxi ezagutzen den begi bistakoa izan da, beste behin; oraingoan, Euskadiko kutxen bateratzearen kasuarekin. Arabarrentzat sentsibilitate handiko gaia izan zitekeela erreparatu gabe, hiru kutxak batzeko proposamena kaleratu zen. Horretaz jabetuta eta alavesismoaren ikurra astinduz, ekimen hori erakunde arabar peto baten kalterako zela aldarrikatzeko eta ekimen horren kontrako sostengua antolatzeko, oso adi ibili zen PP. Erantzun hori ikusita, sozialistek atzera egin zuten, ziztu bizian. Izan ere, hautesleriaren zati koskor batengan alavesismoak bizirik dirau, inkesta baten emaitzek garbi adierazten duten bezala: Vital Kutxak bat-egite hori atzera botatzeari arabarren %41ek ongi deritzo, %25ek txarto, %16k ez ongi-ez txarto, eta gainontzeko %17k ez daki zer erantzun.

Alavesismoaren sendotasunetik begiratuta, UAren biziraupenaz galdetzea ez da hain hutsala. Are gehiago, Euskal Herriaren pluraltasun kulturala eta politikoa ezbairik gabe gure egin arte, beti egongo da herri komun bat osatzearen asmoari uko egingo dion periferiaren bat; espazial, ideologiko edo kulturala.


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude