Tukanaren moko arin eta indartsua
Tukanaren mokoari buruz egindako lehen ingeniari azterketan lortutako emaitzak oso interesgarriak izango dira hegazkin eta automobilen fabrikaziorako. Mokoa harrigarri dago optimizatua erresistentzia handia eta oso pisu txikia izateko.
San Diegon dagoen Jacobs Ingeniaritza Eskolako ikerlari den Marc A. Meyers-ek bere haurtzaroa Brasilen igaro zuen eta txiki-txikitatik zegoen erabat txundituta tukanen mokoen gogortasun eta arintasunarekin.
Meyers eta laguntzaileek ezohiko material biokonposatu bat topatu dute tukanen mokoetan. Mokoen barnekoa espuma zurrun bat da eta hezur-zuntzez eta mintzez osaturik dago danbor eran. Geruzen artean keratina dago, hain zuzen ere azazkaletan, ileetan eta adarretan dagoen substantzia.
Hegaztiaren biokonposatuak pistak eman ditzake abioi ultraarinak eta ibilgailuen hainbat osagai ere egiteko, metal eta polimeroen arteko nahasketetan oinarrituz.
Baina ikerketan lortutako emaitzarik harrigarriena, inguruan gertatutako talka handietan mokoak energia xurgatzeko duen ahalmen handia izan da. Horrela, mokoaren egitura kopiatuz, automobil-gidarien ziurtasunerako panelak eraiki baitaitezke.
Tukanak Amazonian eta Erdialdeko Amerikan topa daitezke eta azterketan hildako animalien mokoak erabili dituzte; dena den, oraindik topatu ez duten beste materialik ba ote dagoen susmoa dutenez, azterketekin jarraitzea erabaki dute.
Itsas hondoko arrainak arriskuan
Urtarrilaren 5ean Nature aldizkariak argitara emandako artikuluaren arabera, itsas hondoko arrantzak arriskuan jartzen ditu ugaltze motela duten espezieak. 70eko hamarkadara arte ez zen itsas hondoko arrantzarik egiten, baina geroztik oso arrunta bihurtu da itsasontziek sareak 500 edo 1.000 metrotik behera jartzea.
Jennifer Devine-k zuzendutako biologo taldeak ondoko bost espezie aztertu ditu Ipar Atlantikoan: Coryphaenoides rupestris, Macrourus berglax, Antimora rostrata, Bathyraja spinicauda, eta Notacanthus chemnitzi. Azterketarako Kanadako Arrantza Ministerioaren erregistro ofizialak arakatu dituzte.
1978 eta 1994 urteen artean aipatu espezieen murrizketa %87 eta %98 bitartekoa izan da. Arrain-espezie baten populazioa hiru belaunalditan %80 jaisten denean, espezie hori desagertze-arriskuan direnen artean katalogatzen dute zientzialariek.
Aztertutako espezieak 60 urtetik gora bizi daitezkeenez, goiz da hiru belaunalditan gertatuko dena asmatzeko: beren heldutasun sexualerako urte asko behar dutenez, ezin izan dira oraindik bigarren belaunaldiko datuak aztertu.
Espezie horietako batzuk ez dira merkatal ustiapenean sartzen, baina beste batzuk bai. Dena den, nahita arrantza eginez edo nahi gabe izan, datu kezkagarriak dira Naturek argitara emandakoak.