argia.eus
INPRIMATU
Kataluniako estatutua lotzeko PSOEren premia (Bero-beroan)
2006ko urtarrilaren 22a
PSOEk saltzen duen arabera, Kataluniako Estatutuaren eztabaida oso aurreratua dago eta ahalik eta lasterren itxiko dira akordio nagusiak. Finantzazioarena litzateke konpontzeke dagoen azken gai sendoa eta CiU ei da horretan amore ematen ez duena, beti ere PSOEren eta PSCren iturrietan irakurrita ondorioztatu daitekeenez. PSOEk presa du akordio orokor bat iragarri ahal izateko, eta azken kontu txikiagoak konponduko lirateke Espainiako Kongresuko batzordean. ERCk eta Iniciativak nahiago dute erritmo geldoagoa, baina emaitza hobea emango lukeena. CiU da finantzazioaren gaian ez duela etsiko adierazten ari dena, baina bide horren helmuga Estatutua Kataluniako Legebiltzarrera itzultzea eskatzea litzateke. Puntu honetara iritsita, pentsa liteke denak aurrera jarraituko duela, ez baitirudi CiU bera bakarrik hori egitera ausartuko litzatekeenik. Vilaweb agerkari digitaleko zuzendari Vicent Partalen esanetan, Estatutu berriaren itzulera eskatu beharko balitz, hori CiUk eta ERCk batera eskatuta egin beharko litzateke, bestela ez da gertatuko.