Auskalo gero Katalunian gertatzen ari dena adierazgarri ote den euskal aldarrien aukerabideak aztertzeko orduan baina, zer gerta ere, badirudi espainiar gizarteak errazago uler dezakeela Euskadiren salbuespena Kataluniarena baino.
Historiaz, Konstituzio espainiarrak onartzen du euskal arazoa, Kataluniarena ez bezala, Konstituzioa bera baino 139 urte lehenagokoa dela. Eta alderantziz, sinbologiaz, euskal ikurrak ez dira espainiar memorian agertzen, Kataluniarenak eta Gaztelarenak Estatuaren sortze berean agertzen diren artean.
Soziologiaz, espainiarrek sumatzen dute euskal bakantasuna. Turismo-azterketek adierazi bezala, Euskadi exotiko samarra da, "un País dentro de otro País" alegia. Hizkuntzaz, berriz, espainiarrek katalanei baino errazago ulertzen digute euskaldunoi, besteak beste gaztelaniaz hitz egiten diegulako.
Finantziazioaz, jakin nahi duenak badaki arabarrek eta nafarrek ez diotela inoiz Estatuari zergarik zuzenean ordaindu eta bizkaitarrek zein giputzek Francoren diktadurapean baino ez. Espainiako Erresumak ez du sekula euskal zergarik zuzenean bildu eta ahaztu egin zaizkio, ostera, Katalunian biltzen ez zituen garaiak.