argia.eus
INPRIMATU
Arbelako mosaikoa
Jakoba Errekondo 2006ko urtarrilaren 22a

Nafarroa Behereko Arbela eskualdean, Arberoa eta Laharana ibaien arteko Aborrote mendiaren magaletan ibiliak gara, putre artean. Ederki zuritutako Pirinio zorrotz handiak atzean, penditz zakarrik gabe erreka eta ibai arteko isuri gozoko mendixkak dira hemen.

Sail zelai hauetan garomen, soro, sagardi eta belardiak tartekatuz, nekazarien urtetako lanak mosaiko ikusgarria du emaitza. Erreka bazter eta etxe, borda eta ukuilu handien inguruetan harizti politak, lepatuak bezala gabeak, garai bateko basoen kondar. Belaze ugaritan, han hemenka ahate xuriak samalda zabaletan, artalde dotoreak eta haragitarako nahiz esnetarako behikundea nagusi. Tartean, urriago, behor jendea, mardulaskoa, ondoan dagoen Heletan egin ohi den behor-azoka sonatuan prezio ona egingo lukeen horietakoak.

Frantziako lorazaintza estiloaren eragin nabarmenez urrutira antzematen diren koniferoen hesi exotiko bakan batzuk, hesiak baino hamartaka metroko hormak, kopeta tente haizeari gotor. Konifero eskasiak Euskal Herriaren ekialdean gaudela dakarkigu gogora, mendebaleko pinu-putzu beltzetatik urruti.

Ehiztari, txakur eta azerien artean Agerria baserrira goaz, hau ere nabarmen: atari aurrean duen magnolia gutxitan ikusten den tamainakoa. Gazta aparta, egin aurretik saldua dutena. Artaldearen bazka ikusita ez naiz harritzen: bailarako soroetan lantzen dituzten tritikale gari berexia, artoa eta baba, hegoaldeko luzerna eta etxeko belazeetako ondua, lehen belarrarena soilik, bi- eta hiru-belarrarenik ez. Artzainaren kontaerak samurra egiten du merezi duen bisita.

Ilunabarrean ilunbistako ortzadarra ikustera goiko bordara igo eta hara! putrea tontorreko haritzean arrantzalearen emaztea talan gisan mosaikoari so. Mendi zorrotzen elurra gorritzen elkarrekin ikusi dugu, ni bere alorrean urduri, la putria!