argia.eus
INPRIMATU
Ahotsa zaintzeko dekalogoa
Jabier Agirre 2006ko urtarrilaren 22a

Ahots-kordak beste edozein gorputz-atal bezala zaindu behar genituzke. Eta ez da opera-kantaria, aktorea edo irakaslea izan behar nahitaez, afonia edo erlastasun-arazoak edukitzeko. Afonia egoeran ahotsa edo soinuak sortzeko gaitasuna murriztu egiten da. Ondoren, ahotsa zaintzeko hamar arau emango ditugu, errazak bezain sinpleak izanagatik, sarri bete gabe geratzen direnak:

- Baztertu zarata eta hotsa. Horixe da gure ahotsa gehien kaltetzen duena, oso bolumen altuan hitz egitera behartzen baikaitu.

- Ez hitz egin zure ahalmenen gainetik. Pertsona bakoitzak dauka hitz egiteko erresistentzia-gaitasun jakin bat. Gaitasun hori norberaren ezaugarrien eta ahotsaren entrenamenduaren araberakoa izan ohi da.

- Erabili ongi zure ahots-baliabideak. Hitz egiterakoan ez agortu zure biriketako aire guztia. Mintzatzerakoan lepoko zainak nabarmentzeak esan nahi du garrasi egiten ari garela edota airea agortzen ari dela.

- Ez erre. Tabakoaren kea da osagai toxiko nagusia, eztarria urratzeaz gain, lehortu ere egiten baitu.

- Mantendu hidratazio-maila egokia. Ahots-kordek ongi lubrifikatuak egon behar dute. Edari alkoholdunek eta kafeina dutenek gorputzari ura "kendu" egiten diote, ahots-kordentzat hain beharrezkoa den lubrifikazioa gutxituz.

- Egin behar adina lo, eta baztertu garrasiak eta tentsio psikologikoak. Ahotsa oso sentibera da lo-falta dagoenean. Egunean 6 ordu baino gutxiago lo egiteak nekea eragiten du ahots-kordetan eta lesioak sortzeko aukera handitu egiten da.

- Ahal dela, saihestu garrazpera eta eztula. Eztarria "garbitzea" (garrazpera) eta indarrez eztul egitea ekintza traumatikoak dira ahots-kordentzat.

- Laringitis-kasuetan, ahalik eta gutxien hitz egin. Goiko arnasbideetako katarroa dagoenean, ahots-kordetako mukosa kongestionatua egoten da, eta ez da komeni ahotsa behartzea.

- Zaindu osasuna, egin ariketa pixka bat, eta elikadura orekatu. Egoera osasuntsuak ahots-kordetako erresistentzia handiagotu egiten du.

- Ahotseko arazoa 15 egun baino gehiago luzatzen bada, zoaz otorrinolaringologoarengana, eta aditu horrek esango dizu zer egin zehazki.