Okendotarrak: Bolboraz ondutako itsas leinua


2006ko urtarrilaren 15an

Okendotarrak, Donostiako leinu bat erakusketa zabalik egongo da urtarrilaren 24 arte. Bertan irakurri daitezke okendotarrek espainiar erregearen armadan eginiko balentriak eta jasandako porrotak, ikus daitezke Okendo familia osatzen zuten emakume eta gizonen erretratuak, Velazquez-ek pintatuak baliran, itsasontzirako instrumentuak eta maketak, ezpatak, estandarteak... leinu baten historia, begiratu batean. Erakusketa zabalik egongo da urtarrilaren 24a arte.


Etxe txiki bat hondartza handi batean

Jakina da gaur egun Gros auzo erraldoi eta dotorea dagoen lekuan, garai batean hondartza handi bat besterik ez zegoela. Hondarra, baratza koxkor batzuk eta etxe bakarren bat, besterik ez. Urbanizazioa gero etorri zen, XIX. mendean, Gros familiak sustaturik. Ordutik egin ziren Santa Katalinako harrizko zubia, itsasoari eusteko horma, San Ignazio eliza, Txofre zezen plaza eta baita Kursaal kasinoa ere, besteak beste.

Okendotarren etxea beraz, leku bakartian zegoen hasieran, Ulia mendiaren magalean eta itsasertzean. Etxe txikia palazio bihurtu zuten aberastu orduko, armarri eta guzti. Udako egoitza zuten ordea, eguneroko etxea Donostiako alde zaharrean baitzuten, 1813an ingelesek beste eraikin guztiekin batera su eman zioten arte. Badakigu Uliako palazioa XVIII. mendean beste familia bati alokatu ziotela okendotarrek, baserri gisa erabiltzeko, Manteo baserria alegia. Ordutik inguru guzti hura Manteo izenez ezagutzen da. 1939an baserri haren jabetza Udalaren esku geratu zen eta eraberritze lanei esker jatorriko palazioaren itxura berreskuratu du eraikinak. 1964an monumentu izendatu eta museo historiko gisan erabili zen, gero Kultur Etxe bilakatu zuen Donostiako Udalak, gaur egun arte.


Leinu bat itsasoari begira

Euskal Herria herri txikia da. Nekazaritzarako leku gutxi izanik, beste jarduera batzuetara jo behar izan zuten bertakoek eta Europako kostaldeko beste herri askotan bezala garratzi handia izan zuten merkataritzak, arrantzak, burdin industriak eta egurraren esplotazioak. Horrek guztiak leku batera eramaten gaitu azkenean: itsasora. Itsasoak aukera paregabeak ematen zituen aberasteko, eta Amerikaren konkista hasi zenean, oraindik gehiago.

Donostiako kaia XV. mendean eraiki zuten, eta mende horretan hartu zien inguruko herriei gaina, merkatal hiri bezala. Ez da harritzekoa Anton Bono Okendokoa 1429an Donostiara ailegatzean itsasoari begira jarri izana. Bere oinordekoak laster hasi ziren itsasoko ofizioetan, Antonio Okendo La Torre sokagile zen eta honen semeak, Miguelek, sokagile eta kalafate lanak egin zituen gaztetan. Miguel 13 urterekin joan zen Cadiz-era, eta gero Indietara jo zuen, karrera egitera. Handik hona ibili zen Cadiz, Sevilla eta Ameriketan, bere ontziekin komertzioan eta 18 urteren ondoren bueltatu zen Donostiara aberastuta. Dirudun baten alabarekin ezkondu eta Uliako etxea palazio bihurtu zuen. Miguel Okendo gure artean ezagun bada, Felipe II.ari egindako zerbitzu militarrengatik da, Gipuzkoako eskoadrako jeneral lanetan: Oran-en, Azoreetan... Donostiarren matxinada bati ere aurre egin zion Okendok, borrokarako itsasoratu nahi ez zutelako. Sari bezala Santiagoko abitua eman zion erregeak. 1588an Armada Garaiezinean jasandako porrotaren ondoren hil zen.

Miguel Okendo eta Maria Zandategik seme bakarra izan zuten, Antonio Okendo, 1577an jaioa. Honek katapultatu zuen Okendo abizena maila gorenera. Familiaren ondasunak izugarri handitu zituen Antoniok, erregearen zerbitzuetan Amerikan ibili zen, orduko bukanero eta kortsario arriskutsuenei aurre egiten eta lortutako botinen zati bat eramanez. Almirante izendatu zuten eta horren ostean Brasilgo Pernambucon holandar ontzi flota mendean hartu zuen, 1631ean. Urte batzuk geroago, Dunas-eko batailako zaurien sukarrarekin hil zen. Iparragirrek hiru mende geroago gizon hilezkor argia deitu zion bertsotan, eta Donostiako Victoria Eugenia teatroaren ondoan estatua jarri zuten, 1892an, bere oroimenez.

Bi belaunalditan, okendotarrek beren burua Gipuzkoako familia garrantzitsuek bezala janztea lortu zuten. Geroztik Okendo abizena askotan azalduko da itsasoari loturik: Miguel Okendo Molina esaterako, eskoadrako jenerala izan zen (ekaitz batek bere ontzidia suntsitzerakoan, idazle bilakatu zen), honen bi seme, ostera, itsasontziko kapitain egin ziren, Francisco Antonio Okendo izeneko oinordekoa bezalaxe. Azken hau Hernaniko Errege Aingura Lantegiko inspektorea zen eta bere ekimenez eta aita Larramendiren laguntzarekin lortu zuen, 1748an, erregearen armadarako aingurak egiteko kontratu pribilegiatua.


Ezkontza, noblezia eta ondasunen giltza

Okendotarrek ez zuten berezko noblezia titulurik, Antonio Okendo agurea sokagile besterik ez zen, azken finean. Baina Erdi Arotik atera berritan odolak eta nobleziak garrantzi handia zuten, baldin eta espainiar administraziotik zerbait lortu nahi bazen. Ezkontza izan zen Okendotarren giltza eta baita beste diru iturri bat ere. Ezkontza bidez batu zituzten okendotarrek San Millan, Lazkano eta Lasarte familiak.

Maria Zandategik Lasarteko dorrea eta bertako etxe gehienen jabetza utzi zion okendotarren familiari. Maria Lazkanokoak berriz, Gipuzkoako Ahaide Nagusi handienen ospea eta dorre zaharra. Alargundutakoan jauregi bat eta bi komentu eraiki zituen Mariak dorre zahar honen ondoan, Lazkaon. Maria Teresa San Millanen ezkontzarekin zirkulua itxi zuen itsas familia ospetsuak, Maria Teresak lotura zuzena baitzuen okendotarrekin, aita eta amaren aldetik. Zizurkilgo San Millan titulua ere bereganatu zuten honen seme-alabek.

Okendotarren fede katolikoa oso handia zen. Miguel Okendo Molina idazleak, Santa Brijida gauean ekaitzetik libratu zelako, Lasarteko brijidatarren komentua eraiki zuen, eta han sartu zituen bere bost alaba, moja. Honen aitak berriz, Antonio Okendo almiranteak, beti uste izan zuen Arantzazuko Amaren babesarekin irabazi zuela Pernambucoko borroka. Donostiako erakusketan ikusi daiteke Okendok Arantzazuko Amari eskaini zion kainoi bola: bolborak eta itsasoko ur gaziek ondutako arrastoak ikusi daitezke burdin azalean, Okendoren bizitza itsasoan ondu zen bezalaxe.

Eskoadrako jenerala ala pirata soila?
1588. urtean, Armada Garaiezina izeneko ontzidia Lisboatik atera zen Britainiar Irlak okupatu eta menderatzeko asmotan, Felipe II.aren ametsei jarraiki. 130 ontzik eta 30.000 gizonek osatzen zuten armada hura eta Miguel Okendo jenerala Gipuzkoako eskoadrako buru zen, 14 ontzirekin. Hilabeteak pasa zituen Okendok eskoadra preparatzen eta hartu eman gorabeheratsua izan zuen espainiar erregearekin denbora horretan. «Erreinu honetako itsasoak garbitzeko» Okendok Galizia aldera egin zuen lehenik eta gero Lisboan elkartu zen gainerako itsasontziekin. Armadak erabateko porrota jasan zuen Francis Drake ingelesearen aurrean. Drake pirata beldurgarria zen bertakoentzat, holandesentzat Okendo zen bezalaxe.
Porrotaren ondoren, itsasontziak ahal bezala iritsi ziren Euskal Herriko kostaldera. Okendok Pasaiara eraman zuen Nao kapitaina, laurehun gizon inguru barruan zituela. Pasaian zegoela, bolborak su hartu zuen eta itsasontzia lehertu egin zen airean. Miguel Okendo hori gertatu eta egun gutxiren buruan hil zen Pasaian bertan.

Genealogia
Antonio Okendo Latorre - Maria Dominguez de Segura
Sokagilea, Donostian jaioa XVI. mendean

v
v
v

Miguel Okendo Dominguez de Segura - Maria Zandategi
Jenerala, 1530-1588.

v
v
v

Antonio Okendo Zandategi - Maria Lazkano
Almirantea, 1577-1639.

v
v
v

Miguel Okendo Molina - Maria Teresa San Millan
Idazlea, Madrilen jaioa 1627an. Antonio Okendo eta Ana Molinaren seme ez-legitimoa


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ameriketara
AEBetako gas-ganberan hil zuten euskal artzaina

Bizi hobeago baten bila Ameriketara artzain joan ziren euskaldunen arketipo jakin bat iritsi izan zaigu, normalean literaturaren bidez, erruz lan egin eta euren sorterrira diru apur bat eginda itzuli ziren horiena. Bada beste historia bat maiz kontatzen ez dena: lurralde urrun... [+]


2019-07-04 | Fernando Merino
Juan Sebastian Elkano

Lehen mundu biraren bosgarren mendeurrena ospatzen ari gara eta Juan Sebastian Elkanori dagokio horren loria eta ohorea.


2017-01-29 | Jakoba Errekondo
Sagard eta huroiak

Kosmopolita da getozka, Portulaca oleracea. Munduan barrena hara eta hona hedatu dugu, jakinaren gainean edo azpian, eta toki askotan ondo bizi da. Noranahitarra da, eta edonon nonahikoa. Dakigun guztia bezala, ez dakigu oso ondo nongoa den. Landareez ari garenean, ikaragarrizko... [+]


'Katalina de Erauso' Pastoral
A character hidden on stage

During the 17th century, an adolescent runs away from the Dominican convent in Donostia because it feels like a prison. Going to America, the adolescent fights for the king of Spain and oppresses the local people; spends decades shaking a sword around in the New World. No, it is... [+]


Eguneraketa berriak daude