27 ekaitz tropikal ozeano atlantikoan 2005. urtean
Aurtengo ekainaren eta azaroaren artean errekorra ezarri dute ozeano atlantikoan sortutako ekaitz tropikalek, 26 ekaitz tropikal sortu baitira aipatutako epean. Baina hor ez da aurtengoa amaitu, joan den abenduaren 30ean Azoreetan 27. ekaitz tropikala sortu baitzen.
Ekaitz tropikalak ekainaren eta azaroaren artean sortzen dira eta azaroaren 27an sortutako Epsilon ekaitza azkenekoa izango zela uste bazen ere, ia urte amaieran Zeta sortu zen. Ekaitz honek ez du kalterik sortu eta itsasoan barrena desegin da.
Datuak biltzen direnez geroztik, 1954. urtean gertatu zen aurtengoaren antzeko kasu bat, hau da, abenduaren 30ean Alice ekaitza sortu eta ondoren urakan bihurtu zen.
Hala ere, 2005. urtean beste errekor bat ezarri da, hots urakan bihurtutako ekaitz-kopurua, guztira 13 izan baitira.
Baleen kantua
North Pacific Research Board-eko (NPRB) ikerlariak aspaldi ari dira baleen segimendua egiten, horien soinu eta ultrasoinuak itsas azpian kokatutako hidrofonoen bidez detektatuz.
Bost urtez egindako neurketen emaitzak argitara eman dira Biosciences aldizkariaren urtarrileko zenbakian. Emaitza hauetako lehen ondorioa balea-espezie bakoitzak bere errepertorioa duela izan da eta gainera espezietan dialektoak ere egon badaudela.
Neurketa hauetan ustekabeko emaitzak ere lortu dira; adibidez, Alaskako golkoan ia desagertzear dagoen balea boreala detektatu da. Balea hori 1980. urtean ikusi zen azken aldiz eta orain itsas ondoan bizi dela eta gainera populazioa uste baino handiagoa dela ezagutzera eman da, aparatu hauekin kantuak erregistratzean animalia-kopurua ere erregistra baitaiteke.
Baleen kantuen erregistroa gerra hotzaren garaian hasi zen, artean itsas armada estatubatuarrak urpeko ontziak detektatzeko Sosus deituriko programa abian zuen. Gailu hauen bidez masa handiak detektatzen zirenez, itsas azpiko ontziekin batera baleak ere detektatzen ziren. Gerra hotza amaitu ondoren tresneria guztia ikerlarien esku utzi zen eta orduz geroztik baleen segimendu soilerako erabiltzen dira.
Alaskako golkoan une honetan zazpi hidrofono daude eta horiei esker 40 kilometroko distantzian dauden baleak ere detekta daitezke. Aurtengo udaberrian Bering-eko itsasoan beste hiru hargailu berri kokatuko dira bertako baleen arrastoak segitu ahal izateko.