argia.eus
INPRIMATU
Ibarretxeren posizioaz hitz egin eta idazten da (Bero-beroan)
2006ko urtarrilaren 15
Urtea hasi eta genero biolentziaren danbatekoa gogorra izan da. Begoña Bohoyoren hilketak eta kasuaren inguruan izandako gorabeherek -epaileak lehen une batean erasotzailea libre utzi izana, erasotua hiru egunez bahitua izana...- erreakzio andana sortu dute, halako beste kasu batzuetan baino gehiago. Urte hasieran eta datak ere agian eman dio berezitasuna, panpin edo kamioien arteko ohiko opari eta jolasen artean gertatu zelako. Eta erantzukizun zehatzak eskatu badira ere, arazoaren sustrai sakonek gaiak denbora beharko duela erakusten dute. Oraindik ere, gizonezko eta emakumezkoen irudiek jasaten duten trataera sexista da arazoaren sustraietako bat: Gabonetako garaia da gizon eta emakumeen rol banaketa hori nola lantzen eta bizi den ispilu argienetakoa. Horiek ere aldatzen ari dira apurka, baina eraso eta hilketek, moztu beharreko sustraiak non diren agertzen dute. Zigorra eta tratamendua beharrezkoa izango dira emakumezkoen hiltzaile eta erasotzaileekiko, baina arazoaren ezaugarriak ikusita, horiek prozesuaren bukaerako adierazleei aurre egiteko neurriak dira; prozesuaren aurreko faseetan behar adina egiten den da ondo aztertu beharrekoa.