Eskolako liburuak debalde?

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak asmoa omen du eskolan erabiltzen diren ikasliburuak ikasleei doan emateko. Ze ondo, ezta? pentsatuko duzu. Bai baina ez. Gaiak koxka asko ditu, eta pare bat buelta ematea merezi du, hobe beharrezko astakeriarik erabaki baino lehen.

Orain arte plazaratu denez, hauxe omen da proposatzen den plana: eskolak berak erosiko ditu liburuak, haurrari emango dizkio gero maileguan, eta haur horrek, urte osoan erabili ondoren, ikastetxeari itzuliko dizkio liburu horiek, hurrengo ikasturtean beste neska-mutil bati utzi diezazkioten. Liburuek, hartara, dozenerdi bat urteko bizitza izango lukete, eta familiek batere gasturik ez. Hortaz, denok pozik?

Sistema horren oso antzekoa erabiltzen genuen gure auzoan txikiak ginela, orain dela hogeita hamar urte. Ez gobernuak araututa, ezpada jendeak berak: bizilagun bat baldin bageneukan gu baino urtebete zaharragoa, harixe eskatuko genion eskolako liburuak uzteko, ikasturtea hastean; eta gure ondoren beste batek erabiliko zituen gero, liburua guztiz hautsi edo ikastetxeak beste testu bat proposatu arte. Gizarteak berak alde batera utzi baldin badu mailegu informal hori, bi arrazoirengatik izan da: ongizate-maila handitu egin dela, eta liburua ondasun moduan estimatzen ikasi dugula.

Eta orain Hezkuntza Sailak legez berrezarri nahi. Ondorioei asko begiratu gabe ordea. Izan ere, ez dira gutxi, asmo hau aurrera ateraz gero, kaltetuta aterako diren arloak. Hasteko eta bat, liburu-dendak. Lehen ere zartako latza eman zien PPren gobernuak eskola-liburuen prezio librea ezarri zuenean, saltoki handien onerako, txikiek ez baitzeukaten beherapena nondik egin. Eta zer axola niri denda txikiak? pentsatuko duzu. Ba, zuri ez dakit, baina irakurketa eguneroko ohitura legez bultzatzea interesatzen zaion ororentzat oinarrizkoa beharko luke herrietako dendak bultzatzea. Honek kontrako bidea hartzen du.

Hurrengo kaltetua argitaletxeak dira, bistakoa denez. Horiek ere ez zaizkizula axola erabaki dezakezu, eskubide osoz, baina erne: euskal argitaletxeak aski larri ibili ohi dira eskolako materiala ateratzeko, gure demografiaren berezko mugak direla-eta -horretaz jabeturik sortu zituen Jaurlaritzak EIMA programak-; orain, argitaletxe batzuk arriskuan egon litezke eta beste batzuek utzi egin diezaiokete ikasliburuak ateratzeari; hala gertatuz gero, nork ziurtatuko du euskal curriculumaren irakaskuntza gutxienekoa? Nolakoak izango dira kanpoko argitaletxeetatik etorriko diren mapak, irakatsiko den historia? Pentsa pixka batean horretaz.

Sortzaileak ere ez dira libratuko: asko eta asko dira eskolako materialak sortzeko lanetan dabiltzan marrazkilari, idazle, diseinatzaileak, eta horien lana nabarmen murriztuko da. Libre zara ez zaizula inporta esateko, baina ez esan gero euskal kultura inporta zaizunik.

Kulturgintzaren sare industrial osoa ukitzeaz gainera, erabiltzaileei eurei ere ez die mesederik egingo. Ez duzula uste? Horra. Batetik, liburuetan aukera txikiagoa izango da, eta beharbada eskasagoa ere bai, merkezurrean egin beharko bailituzkete batzuek testuak. Bestetik, ikasturte osoan, egunero-egunero lan-tresna izango duen liburuan haurrak ezin badu oharrik erantsi edo azpimarrarik egin, tresna horren balio pedagogikoa gutxitu egiten da, dudarik gabe. Liburua gordetzeak eta handik denbora batera kontsultatzeak duen balioa ahaztu gabe. Nik ez nuen aukerarik izan, eta ez nieke gaurko neska-mutilei aukera hori ukatu nahi.

Orduan zer, gurasoak urtero eta haur bakoitzeko 100 euro gastatu behar? galdetuko didazu. Irakaskuntzaren doakotasunean sinesten dut nik, txikietatik unibertsitatera, eta horregatik uste dut badirela bideak: liburu guztien prezioa administrazioak bere gain hartzea, horretarako borondatea eta dirua baldin badago, eta beharra dutenentzako beka sistema bestela. Mailegua, zintzo esanda, kultura osoa pobretuko lukeen txapuza demagogikoa iruditzen baitzait.


ASTEKARIA
2006ko urtarrilaren 15a
Irakurrienak
Matomo erabiliz
Azoka
Azkenak
Jaioberrien orpo-proban gaitz gehiago aztertzera behartuko du Osakidetza Espainiako Gobernuak

Jaurlaritzari koloreak atera dizkio Espainiako Gobernuak: Osakidetzak iragarri berri duenean jaioberriei egiten zaien orpo-proban hamalau gaitz antzeman ahalko direla aurrerantzean, gutxienez 22 gaitz behatu beharko ditu, Madrilen aginduz. Nafarroak dagoeneko 30 gaixotasunen... [+]


2024-04-24 | Juan Aldaz Arregi
Athletic zuri ta gorria, zu zara nagusia, baina zertan?

Gizonezko futbol profesionalaren gaitasun (im)mobilizatzaileari buruzko hausnarketa soziologikoa (artikulu hau EHUren Campusa aldizkariak argitaratu du)


Neskak eta ikasketa zientifikoak: 6 urteetatik unibertsitatera bitarteko harreman gatazkatsua

Neskek gaitasun matematiko eta zientifikoekiko txikitatik duten pertzepzio, autopertzepzio eta bizipenen eraginez, zientzia arloko ikasketei muzin egin eta bestelako karrerak aukeratzen dituzte. Hala dio ikerketa berri batek.


Gazara bihar abiatuko dela iragarri du Askatasunaren Ontzidiak, Israel, Alemania, Erresuma Batua eta AEBen “presioen” gainetik

“Azken egunetan” hainbat herrialderen ordezkariak Turkian izan direla salatu du nazioarteko ekimenak, Erdoganen gobernua presionatzeko ontzidia ez dadin itsasoratu. Askatasunaren Ontzidiak adierazi du ez duela “onartuko” debekurik, eta apirilaren 24an,... [+]


Eguneraketa berriak daude