argia.eus
INPRIMATU
Osasuna
Emakume, aztertu zure bularrak
Jabier Agirre 2007ko otsailaren 21a
Bularreko minbiziaren tratamendua arrakasta handi samarrarekin egin daiteke, baldin eta garaiz atzematen bada. Horregatik da hain garrantzitsua prebentzioa eta auto-esplorazioa.

Bularraren auto-esplorazioa (edo norberaren bularra aztertzea) oso modu eraginkorra da bularreko minbiziarekin lotuta dauden tumoreen agerpena atzemateko. Auto-esplorazio horiek hilekoaren ondoren egitea komeni da, eta emakume menopausikoen kasuan, hileko egun bat finkatzea komeni da, norbere azterketa hori beti egoera bertsuetan egin ahal izateko.

Bi postura edo jarreratan egin daiteke azterketa, etzanda edo zutik. Baina modurik egokiena ispiluaren aurrean jarrita izaten da, besoak beherantz albo banatan kokatuta. Horrela, ea bularrak simetrikoak ote diren egiaztatuko du emakumeak.
Eta hemendik aurrerako azterketan, ukitu edo haztatu behar den bularraren kontrako aldeko eskua erabiliko du emakumeak.

Hiru eratara egin daiteke azterketa: hatz-mamiarekin, mugimendu zirkularrak eginez, kanpoaldetik titibururantz poliki-poliki. Sigi-sagako mugimenduak ere egin daitezke, bularra alde batetik bestera korrituz. Edo, azkenik, baita erdialdetik kanporantz ere, titiburuan hasi eta pixkanaka bularraren kanpoaldera mugituz hatzak.

Eta zer bilatu behar du emakumeak auto-azterketa horretan? Batetik, ea zona gorriturik ba ote dagoen, edo baita koskorrak ere. Titiburuak barrurantz sartuak baldin badaude ere, kontuan hartzeko datua da, eta titiburuak estutzerakoan jariorik ateratzen bada, medikuari esan beharko zaio. Bularrak betiko itxura eduki behar du, eta ez hainbestetan aipatu den laranja-azalaren itxura. Jarraian, galtzarbeak ere ukitu behar dira, ea gongoilik nabaritzen den. Eta, bukatzeko, jaso besoak lepoaren gainetik, eta jarrera horretan ikusi ea koskorrik edo zulotxorik agertzen ote den.

Hasieran, zalantza ugari sortuko bada ere, azkenerako emakumeak ondotxo ezagutuko ditu bere bularrak, eta edonolako irregulartasunik sumatu bezain laster, medikuari emango die horien berri.