argia.eus
INPRIMATU
Zorionak Hondarribia
2006ko urtarrilaren 08a

Sortzen duen ama iraintzea festa duen herria inoiz zoriondu beharko nuenik ez nuen berehalakoan usteko. Belarriak makurtu beharrean nago, ordea, eta... bejondeinela Hondarribia!

Egoskorrak dira hondarribiar milazkak, milazkak edo tamarizak. Bere eitea, bere izakera... zutik eusten diote bere buruari. Urteak joan eta urteak etorri adarje dotorea hostaje fin eta lore finagoz jantziak azaltzen zaizkigu.

Beste milazka batzuk, Donostiakoak sonatuenak, hamletiar ezinegona bizi dute: tamarindotzat dituzte. Inoiz kazetariren batek nahasiko zituen eta... herri honetan okerretxekoak bai iraun, horregatik! Milazka sasitamarindo hauek ez direna izatera behartu nahi dira, badakizu: hiriburuan... Zuhaixka denari zuhaitz itxura eman nahi eta enbor hutsera biluztu gero, urtero.

Ondo geuretarra da milazka. Errio-bazter, urustel-ertz, duna gazi, padura... berea du ura. Ura eta gatza. Itsasozalea. Milazkak hostoetan dituen guruin berezi batzuetan gatza pilatzen du. Gero gatz hori bere itzalaren gainera isuriko du. Bera lur gazitan bizitzera jarria dago baina lur horretan konpetentzia egin nahi dionak elorrio izango du. Elorri espezie honetatik bada bai Hondarribian bezalaxe Donostian.