argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2006ko urtarrilaren 08a

Jean Louis Davantek ohorezko Euskal Kultur saria eskuratu du. Davantek euskal kulturaren alde egindako lan eskerga eskertu nahi izan dio hala Eusko Ikaskuntzak, Baionako herriko etxearen laguntzaz.

Juanma Sarasola Xaun (Irun, 1969) kazetari eta idazleak bakarkako lehen poesia bilduma plazaratu du Maiatz elkartearen laguntzaz: Ametsek ez dute kartzelarik.

Montxo Armendariz en Obaba filmak hamar izendapen jaso ditu Espainiako Zinema Akademiak banatzen dituen Goya sarietarako. Telmo Esnal eta Asier Altunaren Aupa Etxebeste! Zuzendari Berrien atalean lehiatuko da. Marta Etura aktore donostiarra ere Bigarren Mailako Aktoreen sarirako hautagaia da. Sariok urtarrilaren 29an banatuko dira Madrilen.

Aitzpea Goenagak irabazi du Euskaltzaindia-BBKren Toribio Altzaga antzerki saria Santxa Kondesa antzezlan historikoarekin. Mikel Zarate saio saria, berriz, Joseba Azkarragak eskuratu du Mendebaldearen mintzo mindua lanarekin. Txomin Agirre eta Felipe Arrese eleberri eta olerki sariak eman gabe utzi dituzte.

12 tribuk Rebel Inna Nazarin Street diskoa plazaratu du, bi urtez landu ostean. Feran Konsul Treviñok egin ditu diskoan abeslari lanak, aurreko abeslari australiarrak taldea utzi du eta. Roots reggae klasikoa jorratzen duten hamazazpi abesti bildu dituzte.

Lourdes Fernández donostiarra izango da Madrilgo Arco Arte Garaikideko Nazioarteko Azokako zuzendaria, otsailetik aurrera. Donostiako DV galeriako arduradun eta Manifesta arte garaikideko bi urtekoaren zuzendari izana da.