argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontu-aro
2006ko urtarrilaren 08a
Urte sasoi honetan, zehazki esateko, abenduan aurkeztu, eztabaidatu eta onartzen dira erakundeetako aurrekonturik gehienak. Beraz, garai hau aurrekontuen aroa bezala bataiatu genezake. Esate baterako, egun hauetan onartuko dira Hego Euskadiko erakundeetako aurrekontu asko eta asko: Jaurlaritzakoak, Nafarroako Gobernukoak, Foru Aldundietakoak eta Udaletxekoak. Denen artean 19.000 milioi euroko dirutza erabiliko dute, gutxi gorabehera Hego Euskal Herriko erakunde publikoek (14.500 EAEn eta 4.500 Nafarroan) haien egitasmoak aurrera eramateko, haien hauteskunde eta gobernu egitasmoak gauzatzeko, hau da, hiru bilioi pezeta baino gehiago. Dirutza hori dena Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako biztanleen artean banatuz gero, 7.000 euro tokatuko litzaioke bizilagun bakoitzari.

Aurrekontuak -omen- dira erakunde baten, gobernu baten urteko ekintza politiko garrantzitsuena bere ohiko eginkizunen artean eta egia da eztabaida dezente sortzen dutela alderdien artean, baina oso urruti geratzen dira kaleko jendeengandik.

Zoritxarrez jenderik gehienak paso egiten dio aurrekontuari, urruti geratzen zaiolako edo bere teknizismoak ulertzen ez dituelako. Komunikabideek ere gehiago azpimarratzen dute alderdien arteko liskarra, aurrekontuen muina eta edukia agertu ordez.

Hego Euskadiko erakundeen baliabide horietatik, 19.000 milioi euroko aurrekontuetatik, ia ehuneko hamarra Estatuari ordaintzen zaio, kupo gisan, baina beste guztiak hemen erabiltzen dira eta hemen erabakitzen da zertan erabili. Zenbat gastatu eta zertan gastatu erabakitzerakoan hasten dira eztabaida guztiak.

Lehenengo zenbat gastatu. Eta jakina, gastatzeko bildu egin behar da eta inori ez zaio gustatzen zergak igotzerik. Edo, bestela, maileguak eskatu, zorrak egin, baina zor handiegiak hartuz gero biharko ogia jaten ari zara eta hori ere ez da zilegi. Beraz ezinbestekoa da sarrera -zergak- eta gastuen arteko oreka bat markatzea. Batzuek diote zergak igo behar direla, batez ere batzuenak eta besteek, berriz, gastuak jaitsi behar direla, batez ere gastu sozialak. Beraz, 19.000 milioi horiek handitu daitezke zerga bidez edo mailegu bidez baina honek ere neurri bat dauka: zergak gehiegi igoz gero makineria ekonomikoa nagitzen da, desmotibatzen da eta zor handiagotan sartuz gero, biharko ogia jaten ari zara. Horregatik premiazkoa da alderdien arteko eztabaida, oreka hori bilatzeko.

Bigarren eztabaida zertan gastatzeari dagokio eta hemen ere ikuspuntu ezberdinak berehalaxe agertzen dira alderdien artean. Batzuen ustez ahaleginak eta bi egin behar dituzte erakundeek gastu arrunta eta gastu soziala mugatzeko eta inbertsioak bultzatzeko. Beste batzuek, aldiz, pentsatzen dute erakundeen egitekoa premia sozialak babestea dela eta horretan ipini behar dutela lehentasuna. Baina, hemen ere ez da dena zuri edo beltz. Hemen ere beharrezkoa da oreka egoki bat aurkitzea. Beste lurralde batzuetan bezalaxe Hego Euskal Herrian ere gora doa zerbitzu sozialen gastua eta gainera datozen urteetan ere gorako joera nabarmena izango du. Eta gure baliabideen ehuneko edo portzentaje handiagoa erabili beharko dugu babes sozialerako, sarrerak neurri berdinean hazten ez badira.

Hau dena ari dira eztabaidatzen Jaurlaritzan, Nafarroako Gobernuan, Foru Aldundietan eta gure Udaletxetan eta urtean zehar agertuko dira orain hartutako erabakien ondorioak.

Eta gainera, Europako Batasunean ere negoziatu berri dute 2007-2013 bitarteko aurrekontuen oinarria. Gehiengorik ez denean negoziatu egin behar izaten da, noski. Ez dakit beste arloetan prezio politikorik dagoenik, baina aurrekontuetan bai, aurrekontuek badute haien prezioa, negoziatzeko garaian eta gehiengo osorik ez dagoenean.

Aipatu bi oreka horiek markatzen dute gizarte baten osasuna: batak gizarte sozial ezberdinen arteko ekarpena du gaitzat eta belaunaldien arteko oreka besteak, hau da, ongizate eramangarria deituko geniokeena.

Urtea joan eta urtea etorri, aurrekontuz aurrekontu gauzatzen dira egitasmo politikoak, erakundeen egitekoak. Eta zalantzarik gabe, gure baliabideak dira, gure aurrekontuak dira gure Herria eraikitzeko eta gure gizartea babesteko erremintarik baliotsuenetakoak. Herrigintza eta gizartegintza esku artean ditugun baliabidez lor daitezke, helburuak betetzeko erabiltzen direnean.