argia.eus
INPRIMATU
Jesus jaio da Baluarten
Juan Kruz Lakasta Zubero 2021eko uztailaren 16a
Ai, hau gauaren zoragarria, Jesus jaio da Baluarten! Ekialdeko Errege Magoek play station-a, mp3-a eta, jakina, corticoleak oparitu dizkiote.

Iruñeko Corte Ingles zabaldu berriak jaiotza paratu du haren eraikinaren aitzinean, Baluarteko plazan. Azalera handiko saltokiaren ekimenak Yolanda Barcina alkate anderearen baimena erdietsi du. Olentzeroren segizioen antolatzaileei, aldiz, udal aginte taldeak hamaika traba jarri dizkie azken hiru urteotan: bermeak, isunak, diru laguntzarik eza.

Baluarte kultur gunea zein haren aitzineko plaza Patxi Mangado arkitektoak diseinaturikoak dira. Lanok oso eztabaidatuak izan dira, besteak beste, Mangadok adierazi zuelako ez zuela plaza herritarrek erabiltzerik nahi, plaza hutsik nahi zuela eraikinaren azpimarra moduan. Horrexegatik baliatu zuen zoladura gisara galtzada-harri lakarra: ezerosoa izan zedin, inork ez zezan zapal. Neroni hori guztiori arkitektoaren handinahikeria begitantzen zait. Plazak, berez, izatez, herritarren topaleku dira eta behar dute izan. Halere, krudelkeria iruditzen zait Mangadoren nahia hori izanda, haren enparantza Cortylandia bilakatzea, Corte Inglesen haurren adoktrinazio gune karrankari. Krudelkeria Mangadorentzat, eta adar jotzea gainontzeko iruindarrontzat, herritar guztion plaza publikoa erakunde pribatu baten esku utzi baitute, haren erabilpen guztiz interesatua egin dezan.

Egunotan, arratsaldero, ehunka lagun hurbiltzen dira Corte Inglesen jaiotzara. Iruñeko gizarte mugimenduen indarra mitifikaturik dutenek pentsa lezakete protesta egiteko dela. Tamalez, ez da hala. Ez dira betiko garai onenak. Iruindarrok haien seme-alabak jaiotzaren aurrera eramaten dituzte, Corte Inglesek haurtxoon burmuin osatugabeetan betiko graba ditzan mantra kontsumistak: "Cortylandia vamos todos a jugar, Cortylandia alegria en todo el mundo, Cortylandia lalalalala la Navidad...". Haurrak, gurasoak ez bezala, azkarrak dira. Berehala barneratzen dute irakaspena: Eguberriak=Erosketak Corte Inglesen. Gero, umeak Alde Zaharreko karriketan ikusten dituzu, lelo kontsumistak uluka errepikatzen begirada aztoragarri batez, Village of the damned pelikulako haur albino ikaragarri haiek balira bezala: "Cortylandia lalalalalalal!". Epaileek haur guztion gurasoei seme-alaben gaineko agintea kendu beharko liekete.

Egun Corte Inglesena den orubea garai batean zerbitzuetarako orubea zen, hirigintza planaren arabera. Han zen egitekoa Nafarroako Liburutegi Nagusia. Baina, izendapena aldatuta, Udalak Corte Inglesi saldu zion. Orubearen enkantean Isidoro Alvarezen enpresak besterik ez zuen parte hartu. Metro koadro bakoitzeko, 106.000 pezeta ordaindu zituen, nahiz eta Iruñeko erdigunean erabilpen komertzialerako metro koadroa batez beste 700.000 pezetan ordaintzen ari zen. Lur sailak 26.000 koadro zituen. Eraikinak hirigintza planak baimendurikoa baino solairu bat gehiago dauka. Baimenik gabe, lur publikoan egin dituzte lurrazpiko aparkalekurako sarrera maldak. Adituen ikerketen arabera, Corte Inglesen ondorioz Iruñeko denda ertain eta txikiak 130.000 milioi irabaztetik 100.000 milioiko etekinak izatera pasako dira. Horren ondorioz, 500 denda itxiko dituzte, eta 1.800 lanpostu desagertuko dira.

Ustel kiratsa sekulakoa da. Baina ez dirudi inor jabetzen denik. Edo, behintzat, ez dirudi inori axola zaionik. Gazte iruindar kementsu zenbaitek Corte Inglesen aurkako protestaldietara deitu dute, baina lau katuk besterik ez dute haietan parte hartu. Besteok Gazte Solairuan egonen ziren. Edo Koprofagia eskaintza bereziak profitatzen. Borrokarik garrantzitsuena irabazten ari dira: eguneroko bizimoduarena. Eta ez gara jabetzen ari. Ez zaigu axola. Gure jateko modua, edatekoa, zinemara joatekoa, parranda egitekoa, lagunekin egotekoa, besteekin harremanak izatekoa aldatzen ari da, aldarazten ari dira. Eta ez gara deus egiten ari.

Haiek, aldiz, bai, badakite borroka garrantzitsua, erabakigarria jokatzen ari dela, eta sekulakoak eta bi egiten ari dira irabazi ahal izateko. Auzo bizietako dinamika ezerosoak hiltzeko. Elkartasun sareak sortzen dituen bizimodua zapuzteko. Herritar kontsumista otzanak lortzeko. Azken urteotan, Iruñerrian, azalera handiko saltokiak bata bestearen atzetik zabaldu dituzte. Corte Ingles egin aurretik, Nafarroako Merkataritza Ganbarak zioen Foru Erkidegoan bazirela milioi bat herritarren beharrak asetzeko aski merkataritza gune erraldoi. Eta erresuma zaharrean milioi erdi lagun besterik ez gara bizi. Hori bai, iduriko luke milioi batek adina kontsumitzeko prest gaudela. Badakit idazki panfletario samarra atera zaidala. Kontua da kiskalita nagoela. Beraz, amaiera, are panfletarioagoa izanen da: zutik lurrean kondenatu zaren... Dedio, ezin oroitu nola segitzen duen. Mantra buruan sartuta daukat: Cortylandia lalalalalala!