argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2005eko abenduaren 25

Vulpes taldeak diskoa plazaratu du, taldea desegin zenetik 22 urtera: Me gusta ser (Oihuka). Zalaparta dezente sortu zuen neska taldeak bi single soilik zituen argitaratuta orain artean. Taldekideek orain urte batzuk hildako Lupe bateria jotzailea omendu nahi izan dute.

Itxaro Bordak, Koldo Izagirrek, Karmele Jaiok eta beste hamabost idazlek kartzelan dauden euskal presoei zuzendutako gutunak bildu ditu Txalaparta argitaletxeak Adiskide maitea liburuan. Gutun intimoak, fikziozkoak nahiz gogoetak papereratu dituzte idazleok.

Prudencio Irazabal artista arabarrak azken boladan egindako lanak bildu dituzte Gasteizko Artium museoan dagoen Highlights erakusketan. Urtarrilaren 15a bitartean ikus daitezke argia elementu nagusi duten margolanak.

Itxaso Díazek Tr3inta dokumentala errodatu du, Bilboko kultur sorkuntza aniztasuna islatze aldera. Hogeita hamar urteren bueltan dauden hogeita hamar artistari (Saioa Olmo artista, Ion Fiz moda diseinatzailea, MEM jaialdia, Las Fellini...) eginiko bi minutuko elkarrizketak ageri dira dokumentalean.