argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontuetatik haratago (Bero-beroan)
2005eko abenduaren 25
PSOEren eta EAJren barrenak hobeto ezagutzen diren medio eta analistetatik biziki ondo baloratu da EAEko aurrekontuen inguruan jeltzale eta sozialisten artean lortutako akordioa. Harreman berriaren ibilbidean ematen den beste urrats bat da eta ez nolanahikoa. EAJk Zapateroren Gobernuaren aurrekontuak sostengatu ondoren etorritako erantzuna da, Euskal Y proiektuaren inguruan lortutako akordioak itxi duena. Baina Euskal Herrian azken hilabeteetan ematen ari diren elkarrizketa sakonak ere izango dute zerikusirik akordioan, analistek aditzera ematen dutenagatik, aurrekontu batzuetatik haratago. Zapateroren Gobernua ere seguruenik lasaiago egongo da 2006koari begira. Ez da oharkabean pasatu ezker abertzaletik akordioari egin zaion kritika moldea, garai batzuetako zorroztasunetik oso urruti. Kontua da negoziazioaren hiruki ospetsuan bi erpin akordioak islatzen ari direla gizartera begira, baina ez dela berdin gertatzen ari hirugarren erpinarekiko, edo ez behintzat modu publikoan.