Oinarrizko Hitzarmen Demokratikoa sinatu duten alderdi eta gizarte eragileek beste urrats bat eman eta Aberri Egunerako eratua nahiko lukete konponbiderako mahaia. EAJ eta Ezker Batua kenduta, hor dira Lizarra-Garaziko Akordioan ziren indarrak. Oraingoan, aldiz, testuingurua aldatu da eta akordio hau hiruki ezagunean ematen ari den elkarrizketa prozesuaren inguruan ari da itzulinguruka, prozesua Euskal Herriaren ezagutza eta erabaki gaitasunean zentratzeko ahaleginean. Batasunak ere uda hasieran aipatu zuen Bilbon Aberri Egunerako eratua nahiko lukeela alderdien arteko elkarrizketa mahaia. Denak adierazten du, beraz, datozen bizpahiru hilabeteak giltzarri izango direla bai ETA eta Gobernuaren arteko elkarrizketa mahaia osatze aldera eta, beraz, ondoren osatu beharko litzatekeen alderdien elkarrizketa mahaiari begira. Tartean dago, urtarrilaren amaieran, Batasunaren Bide Eginez prozesuaren bukaera eta ondoren, seguruenik, izango da elkarrizketa prozesuaren egoera zertan den hobeto ikusteko aukerarik.