argia.eus
INPRIMATU
Ospitalean dauden adinekoen laurdena botikak desegoki erabiltzeagatik dago
Jabier Agirre 2005eko abenduaren 18a
Adineko pertsonek botikak gehiegi, edo behar ez bezala erabiltzeak ekartzen du, urtero, ospitaleratutako adineko pertsonen %5-25 bitartean. Proportzioa gutxitzea eta adineko pertsonek dituzten tratamenduen eraginkortasun terapeutikoa hobetzen laguntzea dira Donostian egindako ikastaroaren helburu nagusiak. Nafarroako Unibertsitateko Farmazia fakultateak antolatu, eta Gipuzkoako Farmazialarien Elkargoak eta Matia Fundazioak lankidetzan eman duten ikastaroan 25 botikari trebatu dira, botiken erabilera egokia indartu eta sustatzeko asmotan.

Asko dira tratamendu jakin bat behar bezala ez betetzea ekar dezaketen arrazoiak. Horrela adierazi zuten, bederen, ikastaroaren aurkezpenean Matia Fundazioko Isabel Genua eta Nafarroako Unibertsitateko Berta Lasheras irakasleek. Bi adituak bat etorri ziren adineko pertsonek arreta berezia eta espezializatua behar dutela adieraztean. Izan ere, Genua doktorearen iritziz, "diagnostikoaren unetik beretik, adineko pertsonak dituen ezaugarriak ez dira pertsona helduak dituenaren antzekoak", eta desberdintasun horiek oso kontuan hartu behar dira botikak errezetatzeko orduan, zahartze-prozesuak gorputzean eragiten dituen aldaketen ondorioz, botiken eragina eta organismoaren erantzuna ez baitira sarritan medikuak espero dituenak. Botikak merkaturatu aurretik, ikerketa ugari egiten dira gizakietan, baina zenbait kasutan "saiakuntza kliniko horietan ez dira adineko pertsonak sartzen, eta horregatik, erabiltzen diren dosiak ez daude balidatuak adin-tarte horretan" azaldu zuen Genuak. Dosiak, beraz, modu indibidualizatuan kalkulatu behar dira beti. Bestalde, 75 urtetik aurrera, pertsonek patologia asko edukitzen dituzte, eta botika askok adineko pertsonetan sorrarazten dituzten ondorioak zahartze-prozesuarekin nahasten dira. Kontrako erreakzioak ere modu diferentean ager daitezke. Eta ez da ahaztu behar adinean aurrera doazen pertsonek zailtasunak eduki ditzaketela medikuak agindutako tratamenduak ulertu eta behar bezala jarraitzeko.