argia.eus
INPRIMATU
Lertxundia nabarmen
Jakoba Errekondo 2005eko abenduaren 18a
Oteizatarra zen Lakoizketa botanikariak zioen Populus tremula zuhaitzak, lertxun hegalariaren tankerako harro-punttuarekin basoan kide dituenen artean garaiago azaltzeko joeragatik duela lertxuna izena. Egia da lertxunaren harro-punttuarena. Non den adierazizalea da, behinik behin. Urte guztian.

Etxepeko txerri eta ahardien sarobean bistan dut lertxundia, orain ere ur-gaineko bitsetan, urte osorako nahiko lukeen negu aurreko urrezko soinekoa jantzita. Berandu erantziko du, inguruko zuhaitzak dagoeneko soilduta, urrutiko mendi-magaletako palkoetan ere inbiria hartzitu dadin. Gero negu-neguan dotore agertuko da soinekorik gabeko manikia, lirain askoa, azala perla kolore distiratsu, urkiarekin deman, zein baino zein! Jantzi, jantzi udaberrian jantziko da lertxuna, urrezko soinekoaren egun gutxiak arteraino. Kutxa edo eskapoletatik, nondik aterako duen ez dakit, baina datorren udaberri-uda-udazken denboraldirako zein soineko aukeratuko duen, baietz asmatu! Nola egin ohi da soineko bat deigarri? Dena dela, pailleta distiratsuak erantsita. Txorten mehe luzea duen ezkata zintzilikarioa da lertxunaren hostoa. Manikia pasarelako «modelo» bihurtu eta pailletak mugituz dir-dir egiten duen antza, haizeak distiratsu jartzen du lertxundia. Urte osoan nabarmen.