Argaltzeko kirurgiara jotzeko asmotan dauden obesoek agian bi aldiz pentsatu beharko lukete. Izan ere, era horretako operazioek arrisku ugari dituzte, Washington Unibertsitateko kirurgialaria den David Flumm-ek adierazi berri duenez. 1997-2002 denboraldian AEBetan argaltzeko operazio kirurgiko bat jasan zuten 16.000 paziente aztertu zituen, eta ikerketak frogatu duenez, ebakuntza egin eta urtebetera paziente askok konplikazio handiak omen zituzten -desnutrizioa, infekzioak eta hesteetako nahiz behazuneko arazoak-. Baina hori guztia baino okerragoa dena, kasu askotan heriotza agertzen zen, baita adinez gazteak ziren pertsonetan ere.
Datuak hortxe daude: 35-40 urteko pazienteetan, heriotza-tasa %5 baino handiagoa izan zen gizonezkoetan, eta ia %3koa emakumeen artean. Ikertutako pazienteetatik, %2 operazioaren ondorengo hilabetean hil zen, %3 inguru aurreneko hiruhilekoan eta ia %5 urtebeteko epean. Oro har esateko, arriskua handiagoa zen gizonezkoen kasuan, eta bikoiztu egiten zen pazienteak 65 urtetik gorakoak zirenean.
David Flummen iritziz, obesitatearen kontrako kirurgiaren segurtasunari buruz aurrez egindako ikerketa gehienek %1etik behera kokatzen zuten heriotza-arriskua. Baina hori ulertzeko, pentsatu behar da txosten horietan "kirurgialari onenen emaitzarik onenak bakarrik biltzen zirela". Azterketa berri hau errealagoa da, eta pisua galtzeko azken modu gisa horrelako ebakuntzen asmotan dauden pertsonek abisutzat hartu beharko lukete.
Dena den, eta ikerketak agerian jarritako kezka inola ere alboratu gabe, kontuan hartu beharra dago obesoen bizi-kalitatea nahiko hondatua dagoela. Eta pertsona horiek ibiltzeko, beren lanbidea egiteko edo hegazkinean bidaiatzeko zailtasunak dituzten arren, ondo ulertu beharko lukete obesitatearen kontrako kirurgia ez dela prozedura kosmetikoa, bere indikazio jakinak, eta bere arriskuak ere argi eta garbi finkatuak dituen prozedura medikoa baizik. Eta beste edozein ebakuntza kirurgikotan bezala, zerbitzua eskaintzen duen profesionalaren kalitatea ere baloratu beharreko faktorea dela.