Azkeneko hilabeteotan asko hitz egin da nazioaz eta naziotasunaz, eta esaten diren iritzi guztiz kontrajarriak ikusita, oso modu positiboan baloratu behar da horretaz eztabaidan hastea, zer azaldu eta zer adostu egon badagoela erakusten du-eta. Iritzi kontrajarri horien artean, bi agertu nahi ditut: nazio kontzeptua botere politikotik at ikustea; eta botere politikoari guztiz lotuta ikustea.
Lehenengo iritzia Espainiako Alderdi Sozialistari entzun diogu azken aldi honetan, eta egia esan, mezua ez da batere argia. Alde batetik, nazio izatea edo ez euskal herritarrek itaunketa baten bidez erabaki dezaketen auzi bat da; eskubide kolektibo helgarri bat, beraz. Hala ere, eskubide hori guztiz mugatuta geratzen da alderdi berak botere politiko iturri bakarra Espainiako Konstituzioak markatzen duela adierazten duenean. Baina estatu posible bakarra Espainia bada, eta botere bakarra Espainiarena bada, zertarako balio du, orduan, nazio izateak?
Horrela planteatuta, naziotasunak gehiago ematen du eskubide pertsonala -norberaren autoidentifikazio nazionalari dagokiona-, eskubide kolektiboa baino. Baina eskubide indibiduala bada, zer zentzu dauka gai horretaz kontsultarik egiteak? Nazioa maila horretara mugatzea aukera bat da, baina orain arteko tradizioak nazioa botere politikoari lotzen dio, maila batean edo bestean, eta horixe izan da, hain zuzen ere, nazioa dela eta horrenbesteko liskar egon izana azkeneko mendeotan. Konponbidetzat aurkeztu nahi den irtenbide honek, horrela, ez luke azpiko arazoa konponduko.
Bigarren iritzia, bestalde, Unibertsitateko irakasle batzuek (Elkarbide izeneko taldeak) plazaratu dute urrian, Gara eta Berria egunkarietan ateratako artikulu batean. Besteak beste, nazioa instituzio botereari loturik ikusten dute. Hau da, euskal naziorik ez dago alderdi abertzaleek hauteskunde gehiengoa eskuratu arte. Nazio izatea ez litzateke gauza subjektiboa, herritarraren identifikazio sentimenduari dagokiona, objektiboa baizik, jokaleku politikoan irabazten dena. Horrek, haatik, arazo bat baino gehiago planteatzen du. Nazioa hauteskunde garaipenaren ondoren eraikitzen bada, zer dago garaipen hori lortu bitartean? Hau da, zergatik sortzen dira alderdi nazionalistak, eta zer defendatzen dute?
Nazioaren ikuskera horrek eraikitako nazio-estatu historikoentzat balio dezake, horiek -Espainiak hala nola Frantziak- lehenago estatua, eta gero nazioa osatu baitzuten, baina horren ondoren, hainbat estaturik gabeko nazionalismo sortu da, eta horiek denek nazio bat errebindikatu izan dute. Argudia daiteke botere politikorik gabeko nazionalismo horiek defendatzen duten lurraldeari ezin zaiola nazio kontzeptua atxikitu, baina inkestek eta eguneroko hainbat iruzkinek argi uzten dute jende batek zinez sentitzen duela nazio bateko kide dela. Nola senti daiteke existitzen ez den gauza bat?
Lehenengo iritzian, beraz, nazioa botere politikotik aparte dago, eta bigarrenean lotuta. Nik, ordea, ez dut uste nazioa sentimendu hutsa denik, ezta botere politiko mailaren ondorio bat ere. Arrazoi desberdinak direla eta, intelektual bat edo batzuek nazioa teorizatzen dute, eta beharrezko ikusten dute botere politikoa eskuratzea nazio horren geroa bermatu ahal izateko. Hortik arrakasta desberdineko mugimendu politikoak sortzen dira, eta nazio sentimendua lantzen da. Momentu horretan, dagoeneko, nazioa eraikita egongo litzateke, baina nazionalista ez da konformatzen sentimenduarekin, bere helburua botere politikoa da-eta. Eta horri ekingo dio, nazioa etengabe eraikiz eta iraunaraziz, botere politikoaren bila.