Platonek, Timeoren sarreran eta Kritiasen, narratzen digu nola duela 9.000 urte Atenasko ziutate zahar paregabeak lur atlantiarrak irabazi zituen eta nola gero urak estali zituen Atlantida irlako errege eta jendeak. Erran dezagun berehala, gaurko zenbait iluminatuk atlantiar jendez kondatzen dituzten bitxikeriek ez dutela Platonek kondatzen duenarekin deus ikustekorik. Mitoa modernoa da. Platon Atenasen bi irudiez ari baitzaigu bakarrik. Bata, jainkoen gomendioak segituz bizi zen Atenas idealaz (Atenas arkaikoa) eta printzipio jainkotiarrak bazterrera utziz neurria galdu zuen Atenas inperialistaz (Atlantida). Platonen panfleto bat dugu hor 355 urte inguru Kristo aitzin idatzia, Atenasek azken hamarkadetako gerletan itsasoko armada xehatua zuelarik, inperioa hiltzorian zegoelarik. Atenasek itsasoari esker zabaldu eta gauzatu zituen anbizio beliko eta komertzial neurrigabekoak kritikatzen ditu Platonek. Berak hautuak eginak ditu: Poseidonen erreinua den Atlantida ez daiteke segurua izan itsasoa aldakorra delakotz, urak lehor handienak desagertu ditzakeelakotz. Platonek hautatzen duen Atenas ideala lurrari so dagoena da, ez itsasoari.
Ordea, Platonek Kritias edo Atlantikos narrazioan Atlantida uharteaz egiten duen deskripzio geografikoa utz dezagun bertzaldi bateko eta gaurkoz bi narrazioetan den gai nagusiaz ari gaitezen: memoriaz. Kritias pertsonaiaren ahoan Platonek ezarri duen Atenas ziutate arkaikoaren historia -eta Atlantidaren desagertzea- oroimenaren fruitu baita. Kritiasek hamar urtetan haren aitatxi zen Kritias zaharrarengandik entzun zuen kondaira, azken honek bere aita zuen Dropidesengandik errezebitua zuen, honek berriz adiskidea zuen Solon poetarengandik, azken honek Egipton egin zuen egonaldian hango apaizengandik jakina... Eta Egiptoko Sais hiriko apaizek beren tenploetan idatzi zituztelakotz duela 9.000 urte, Atenas eta Atlantidako irlaren artean izan ziren gertakari izugarriak memorian zainduak izan ziren.
Gertatu izan direnak gazteei zaharrek kondatu behar dizkiela eta denez gain, idatzi behar direla, eta ez dela Solon poeta bezala egon behar: zekien guztia bere poesietan idatzi gabe. Hori dio Platonek. Bertzenaz, memoria galtzen dela betikotz, denbora iragaten delakotz eta jendeak hiltzen direlakotz. Populu zuhurrenak historiaren zentzua zaintzen jakin dutenak direla, Egiptoko tenpluetan bezala nonbait idatziz. Memoria galtzen duena beti dela gazte. Baina ez zait iduritzen Soloni Egiptoko apaiz zahar-zahar hark ironikoki erran ziona gaur behar den bezala ulertzen dugula: "Ai Solon, Solon, zuek greziarrak haurrak zarete: greziarra sekulan ez da zahar! Arimaz gazteak zarete, ohitura zaharretik datorkizuen iritzi zaharrik eta denborak urdinarazi duen zientziarik ez baituzue". Gure garaietan, gazteak beti dira berritzaileak, eta zahartzen direlarik zakar ontzietara bezala botaz ahazten baitira, existitu ez balira bezala. Berdin eginen dugu behar bada bihar bizi izan ditugun sarraskiak zahartzen ari diren arabera, gutiago aipatuz, eta azkenean batere ez aipatuz: 1914-18ko Mundu Gerlako karnizeria, 1936-39ko gerla zibila espantagarria, bigarren gerla mundialeko nazien gas-ganbarak, haien esperientzia medikalak, Francoren diktatura... Beti gazte bizi nahi duen humanitateak ez baitu oroitzarik behar.
Eta pasan, hemen garenez, gogoraraz dezagun Platonen hiri demokratikoan emazteak gizonen berdinak direla. Atenas arkaiko idealaz ari delarik, Kritias pertsonaiak dio ziutate hartan emazteen izenak eta haiek antzinako garaietan egin zituzten ekintza aipagarriak altxatzen eta gogorarazten zituztela, gizonenak egiten zituzten bezala, Atena jainkosa zuhurraren itxura gerlariaren ikustea aski zela: "Eta gainera, jainkosaren harrizko itxurak irakasten digu bizi diren izaki guztietan espezie berdinetako arrak eta emeak izatez berdin kapable direla..." (Kritias edo Alantikos). Lehenago, eta ere Errepublikan, Atenas arkaikoa gogoan duela, hezkuntza aldatu behar dela dio Sokrates pertsonaiak Timeori: "Eta, emazteen hezkuntzaz, gogorarazi dugu -bezperan, Sokrates, Timeo, Hermokrates eta Kritias lagunek ukan duten solasaldian- haien izatea gizonenarekin harmonian ezarri behar dela, gizonena bezalatsu bilakarazi arte haien izatea, eta emazte guztiei gizonei ematen zaizkien okupazio berberak eman behar zaizkiela, izan dadin gerlarako, ala bertze edozeinendako" (Timeo).