argia.eus
INPRIMATU
Izenak
2005eko abenduaren 11

Lor laukoteak bigarren diskoa karrikaratu du Gor diskoetxearekin: Bakoitzari berea. Bederatzi abesti berri eta aspaldiko beste bi, moldatuta grabatu dituzte. Diskoa nola grabatu zuten jasotzen duen bideoa ere gehitu diote.

Juan Luis Goenagak ikusgai jarri ditu bere margolanak Bilboko Epelde & Mardaras galerian, paperaren gainean egindako koadroak eta oihal margotuak. Erakusketa amaitu bitartean (urtarrilak 6), koadro berriak jarri eta bertan daudenak eraldatuko ditu.

Gontzal Mendibil abeslariak letretara egin du jauzi eta Gorbeiako haizea eleberria (Keinu) idatzi du. Zeanuritarraren aita hil zen egun berean hasi du kontakizuna.

La Maquina de huesos ezizena duen argazkilaria makina bat argazki ateratakoa da, aurten itxi duten Donostiako Bukowski tabernako kontzertuetan eta Gasteizko Azkena Rock jaialdian, esaterako. Hilaren amaiera arte haren lanak ikusi ahal iango dira Donostiako Kino kafean.

Aingeru Epaltzak Lasto sua izeneko ipuin liburua plazaratu du Alberdania argitaletxearen eskutik. Azken urteetan enkarguz eginiko narrazioak dira eta umore eta ironiaz zipriztinduta daude.