argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a

Zinemaren kimu berriak

Film laburretan uzta oparoa du Euskal Herriak. Horren adibide dira azken urteetan zinemagile andanak bere laburrekin jasotako sariak. 1998tik euskal zinemagileen laburrak sustatzeko plataforma da Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak sortutako Kimuak programa. Aurtengoan zazpi film labur aukeratu dituzte, denak gaztelaniazkoak: iazko Oscar sarietarako hautagai izandako Nacho Vigalondoren Choque, Borja Kobeagaren Éramos pocos, Isabel Hergueraren La gallina ciega, Igor Legarreta eta Emilio Pérezen El Gran Zambini, Luiso Berdejo eta Jorge C. Doradoren La Guerra, Ugo Sanzen Los ojos de Alicia eta Joxe Mari Goenagaren Sintonía. Kultura Sailak mundu osoko 400 zinema jaialditara helaraziko du zazpi laburren katalogoa, lanok zabaltzeko eta kimu berriak sor daitezen.


Euskal literaturaren atari eleanitza

basqueliterature.com webgunea sortu du Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkarteak (EIZIE). Marijose Olaziregi EHUko irakaslea da atariko zuzendaria. Batez ere kanpoko ikasle, irakasle, ikertzaile nahiz irakurleek erabiltzea dute xede, euskal literatura ezagutu dezaten. Horregatik euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez paratu dituzte atariko edukiak. Besteak beste, bertan topa daitezke euskal literaturaren historia, euskal liburugintzari buruzko informazioa, idazleen eta beren liburuen berri, albisteen atala, komunikabide eta erakundeen loturak... Oraindik ez daude atal guztiak osatuta, baina pixkanaka edukiak gehituko dizkiote.


Malabaristen bilkura Bilbon

zirkuko arteak bilbotarrengana hurbiltzea eta Bilbo kultura hiri gisa bultzatzea ditu asmo hilaren 11 bitartean Bilbon egingo diren Malabarista eta Zirku Artisten Topaketak. Bilboko Koblakari malabarista elkarteak laugarren urtez antolatu ditu topaketak. Ekitalde andana izango da: ikastaroak, kale antzerkia, zinema zikloa... Ekitaldi berezienak hilaren 10ean Aiala antzokian egingo duten gala eta 11n Errekalde plazan egingo dituzten olinpiadak dira. 8.000 parte hartzaile espero dituzte. tartean, Kapikua, Mr Frack, Hegan...


Prentsako argazki onenak Gasteizen

Abenduaren amaierara arte argazki kazetaritzari begirada eskainiko diote Gasteizko Montehermoso kultura zentroan. World Press Photo nazioarteko lehiaketan nabarmendutako 220 argazki paratu dituzte Periskopioa: Argazki kazetaritzari begirada erakusketan. Erakusketaren baitan, bertako Jon Barandika, Javier Mingueza, Pradip J. Phanse eta Rafael Rivas argazkilarien lanekin osatutako atala jarri dute. Erakusketaren osagarri, Juan Madina eta Isabel Muñozek hitzaldi-tailerrak eskainiko dituzte.


Aktoreak trebatzeko jardunaldiak

Hausnarketa Jardunaldiak egingo ditu Espainiako Aktore Sindikatuen Elkarteak -bertako kide da Euskal Aktoreen Batasuna- Donostian, hilaren 12 eta 13an. Hiru ardatz izango dituzte: formazioa, aktoreen entrenamendua eta publikoa. Hiru gai horien egungo egoera eta etorkizunaz hitz egiteko, aditu ugari izango da Lugaritz kultur etxeko Imanol Larzabal antzokian. Besteak beste, Algis Arlauskas, Ander Lipus, José Carlos Plaza, Eneko Olasgasti, Carlos Gil... Non dauden eta nora heldu nahi duten hausnartzeko.