Tximeletaren teknologia
Exeter unibertsitateko Peter Vukusic eta Ian Hooper-ek, berriro frogatu dute gizakiak egiten dituen hainbat ikerkuntza animalien portaera eta fisonomia kopiatuz lor daitekeela.
Kasu honetan, tximeleta espezie batek argiarekin egiten dituen eraldaketak aztertu dituzte eta hain arrunta den DEL edo LED diodoaren portaerarekin antzekotasun izugarriak topatu dituzte. LED diodoa orain berrogei urte aurkitu zen, baina bere prozedura fisikoa orain dozena bat urte azaldu zen; hala ere, arestian aipatu tximeletak milaka urte darama gizakiak berriki aurkitu duena egiten.
Science aldizkarian argitara emandako artikuluan, Afrikaren erdialdean eta ekialdean bizi den Papilio nereus tximeleta aztertu dute eta bere hegaletako fisika harrigarria azaleratu. Tximeleta hauen ezaugarri nagusia da argia islatuz hegalek distira egitea. Eguzki argiak euren hegalak jotzean, argi hori argi urdin eta berde fluoreszente bihurtzen dute.
Hegaletan kristal itxurako materiala dute eta hauen barnean dagoen pigmentuak argiaren hainbat uhin-luzera xurgatzen ditu eta uhin-luzera handiagoko argia emititzen du. Mikroskopioan begiratuz, tximeleten hegalek zulo zilindrikoen itxura duten kristal-sortak dituzte. Kristal-zulo hauetan daude argia eraldatzen duten pigmentuak.
Zenbat urteko lana behar izan zen laborategietan LED diodoa sortzeko? Zenbat ikerketa azkartu daitezke naturari gehiago begiratuko bagenio? Galdera hauen inguruko burutazioak planteatu dituzte aurkikuntza honen berri eman diguten ikerlariek.
Gure kontinente zaharrak
Kontinenteen adina ezagutu ahal izateko, Australiako Jack Hills-eko hondakinetan dagoen zirkonioa aztertu du Coloradoko (AEB) Boulder Unibertsitateko Stephen Mojzsis ikerlariak zuzendutako ekipoak.
Ateratako ondorio garrantzitsuena zera da: mundua orain 4.600 milioi urte osatu bazen, kontinenteak 300 eta 500 milioi urte beranduago hasi zirela osatzen. Izan ere, topatutako zirkonioa sortzeko behar izan ziren baldintza atmosferikoak Lurra sortzeko behar izan zirenen antzekoak zirela ondorioztatu da.
Stephen Mojzsisek 2001. urtean argitaratu zuenez, frogatutzat eman zuen ura Lurrean orain 4.300 milioi urte bazegoela eta biziaren lehen aztarnak, gutxienez orain 3.400 urte bazirela. Hala ere, laster Groenlandiako lurrak ikertzen hasiko da bertan bizi-arrasto zaharragorik aurkitzen duen.