Ez dute ezkutatu, Gipuzkoako egunkari handienari lehia egitea da Gipuzkoan sortu berri den egunkariaren helburu nagusia. Eta, oro har, aspalditik gogoz espero izan da Vocentoko lider gipuzkoarrari itzala egingo liokeen zerbait. Ez dute lan erraza egunkari berrikoek, baina Nafarroara begiratuz gero, DV-koek badute zertaz kezkatu, erresuma zaharrean egunkari berriaren anaia nagusiak merkatuaren mokadu esanguratsua kendu baitio Diario de Navarra-ri. Mendebalde osoan prentsa gainbehera doan garaian ez da makala ekimen berriaren ausardia. Ohikoaren kontra, oraingoan Nafarroatik hedatu da ekimena Arabara eta Gipuzkoara. Egunkari berriaren gizarte aurkezpeneko ekitaldia jarraituz, halaber, ez zen oharkabean iragan lurraldeko alderdi abertzale nagusiak egunkari berriari egindako ongi etorri berezi bezain beroa. Atrebentziagatik zorionak emateaz gain, ARGIAtik bide oparoa izan dezan opa diogu komunikazio proiektu berriari.