argia.eus
INPRIMATU
Hizkunea: Soziolinguistikarentzako leiho elektronikoa
  • Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak abian jarria du Hizkunea izeneko agerkari elektronikoa. Soziolinguistikaren alorra jorratuko du eta irakurle askok izango du mamia ezagutzeko aukera; euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez egongo baitira edukiak.
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2005eko abenduaren 04a

Soziolinguistikaren esparrua berri samarra zaigula adierazi zuen Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Hizkunea aurkeztu zuenean. Berri samarra bai, baina euskara biziberritzeko ahaleginean beste inon jorratu gabeko eremuak lantzea egokitu omen zaigu eta horregatik soziolinguistikaren eremuan euskaldunok aitzindari izan omen gara.

Hizkuneak lau atal nagusi ditu. Hilero soziolinguistikaren hainbat eremutako adituren baten -bertakoa zein kanpokoa- artikulua zintzilikatuko dute. Hainbat azterlan eta argitalpeni buruzko informazioa ere aurkituko dugu, hala nola, argitalpenaren azalaren argazkia, aurkibidea eta iruzkina. Gehien berrituko duten atala izango da agenda. Atal honetan bilduko da soziolinguistikan, Euskal Herrian zein atzerrian, antolatutako hainbat jardunaldi.

Orain, Hizkunean sartuz gero, hiru artikulu aurkituko ditu erabiltzaileak. Lehenengoa Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzako Plangintza eta Azterlanetako arduraduna den Jon Aizpurua Espinek idatzi du. Euskararen transmisioa eta erabilera. Bi kasuren azterketa konparatiboa du izenburu. Gasteizko Olabide Ikastolako eta Donostiako Santo Tomas Lizeoko ikasle ohiak hartu dituzte azterlana egiteko. Sarean dagoen bigarren artikulua Jean-Claude Iriart Euskararen Erakunde Publikoaren zuzendariak idatzi du. Euskararen aldeko egitura publiko berri bat Euskal Herrian du izenburua Iriarten artikuluak eta duela gutxi Iparraldean sortu den Euskararen Erakunde Publikoari buruzko informazio zehatza eman du. Hirugarren artikulua, EHUko Euskara errektoreorde Ludger Meesek euskara eta Bologna gaitzat hartuta idatzitakoa, sarean jarri berria da. Honakoa du izenburua: EHUren hizkuntza politika Europako Unibertsitate Eremuaren sorreraren aurrean.

Sarean jarri berria da baita ere, bi argitalpen hauei buruzko informazioa: Bat Soziolinguistika aldizkariaren 56. zenbakia (Euskararen jabekuntza eskolan) eta Hermes aldizkariaren 16. zenbakia (Euskararen egungo erronkak).

Segidako argitalpen hauei buruzko zertzeladak ere badituzue Hizkunean: David Crystal-en The Language Revolution, Mendebalde Kultura Alkarteak argitaratutako Egokitasuna hizkuntzaren erabileran -2004ko VIII. jardunaldietan irakurritako txostenak dira-, Jean-Baptiste Coyos-en Politique linguistique. Hizkuntza politika. Euskara, Biarno eta Gaskoinako okzitaniera eta Antxon Narbaizaren Euskaria show, besteak beste.


Laster sarean izango diren edukiak

Laster Miquel Strubell-en -Universitat Oberta de Catalunya- artikulua irakurtzeko aukera izango dugu. Hauxe du izenburua: Hizkuntza gaitasuna eta hizkuntzaren erabilpena. Hizkuntza portaera interpertsonala eta hizkuntzen ordezkapena.
Artikuluaz gain, hainbat argitalpenen berri jaso ahalko dugu. Hona horietako batzuk:

- Euskal hizkuntza komunitatearen bizindar etnolinguistikoa: Andoaingo, Arrasateko, Bergarako, Hernaniko eta Lasarte-Oriako udalerriak. I. Usarralde eta I. Martinez de Luna.

- Diversitats. Llengües, espècies i ecologies. Hainbaten artean.

- Ordiziako Euskara: garai bateko bizimodua eta gaurko hizkuntza-egoera. L. Garmendia eta K. Etxabe.

- Ahozko jarduna hobetzeko proposamenak Debarroko hizkeretan. E. Plazaola, K. Agirregabiria, eta K. Bikuña.

- La Politique Linguistique au Pays Basque. E. Urteaga.