argia.eus
INPRIMATU
Ezpalak
Katixa Garate 2021eko uztailaren 27a


Komikiarekin zita Getxon

Komiki Azoka egingo dute Getxon, abenduaren 2tik 4ra. Laugarrena dagoeneko. Hirurogeitik gora stand izango dira eta bertan fanzineek, argitaletxeek, komiki dendek jarriko dituzte euren aleak. Aurtengoan Luis del Olmo Olmo marrazkigilea omenduko dute, Don Celes pertsonaiaren aita. 25 urte bete dituen eta komiki salmentan aitzindaria den Bilboko Tótem liburu dendak ere jasoko du omenaldirik. Erakusketa ugari jarriko dituzte: Ricardo Martínezi eskainitakoa, Don Celesen ingurukoa, Tos aldizkariaren gainekoa... Getxoko udal liburutegietan komiki eskaintza berezia egingo dute eta herriko liburu dendetan komikiak erosten dituztenei Azokarako sarrerak emango dizkiete opari.



Euskal kultur astea Erroman

Euskal literatura, zinema, musika nahiz gastronomiaz gozatu ahal izango dute Italiako hiriburuan, abenduaren 3an hasi eta 11 bitarte, Assciazione Culturale Euskararen eskutik eta Erromako Unibertsitate Herritarraren Euskal Kultura eta Hizkuntza sailaren laguntzaz. Miren Artetxek bertsoak kantatuko ditu, Xabier Egidazu eta Ainitze Oruesagastik euskal dantza saioa eskainiko dute, Mariasun Landak eta haren itzultzaile italiarrak, Roberta Gozzik hitzaldia eskainiko dute, Mertxe Urteaga arkeologoa Oiassoko portu erromatarraz mintzatuko da... Eta jakina, euskal sukaldaritza dastaketari ez diote huts egingo.



L'Atabal musika gune berria Biarritzen

700 besaulkiko kontzertu gunea, entseatzeko hiru gela eta maketak grabatzeko estudio bat biltzen ditu Miarritzen zabaldu berri duten L'Atabal Egungo Musikaren Zentroak. Duela hamar urte inkesta batean agertutako emaitzari erantzun nahi dio; izan ere, gazteek musikarako bilgune bat behar zutela esan zuten. Baiona-Angelu-Miarritze hiri elkargoak finantzatu du L'Atabal, Europako Batasunaren laguntzaz. 3,2 milioi euroko gastuari egin dio aurre. Omar Sosa eta Lee Perryren emanaldien ostean, Ken 7k hartuko du kontzertuen lekukoa abenduaren 9an.



Artista gazteak ezagutarazteko: Lasai

Ikuspegiak trukatzea, sorkuntza garaikidea hedatzea eta artistak ezagutaraztea du asmo, besteak beste, Iparraldean abiatu den Lasai egitasmoak. Topaketak egin berri dituzte Uztaritzen azaroaren hondarrean eta ekimeneko artista partaideak ezagutarazteko Lasai liburuxka plazaratu dute, Myjok plataforma artistikoaren gidaritzapean. Bertan ageri dira, esaterako, On The Moon elkarte kulturala, Isa Suarez artista eta Aldudarrak bideo elkartea.



Andres Nagelek kereila jarri du Porcelanas del Bidasoraren aurka

Andres Nagel artistak (Donostia, 1947) plagioagatik salatu du Irungo Porcelanas del Bidasoa enpresa. Nagelek dioenez, bere baimenik gabe berak diseinaturiko baxera piezak saldu ditu Irungo enpresak eta bere prototipoetan oinarritutako plagio eskasak egin. 2001ean Arzak, Duna eta Gourmet baxera sailen diseinua egiteko enkargua jaso zuen Nagelek. Egindako lana eman zion Nagelek enpresari, baina Irungo enpresak ez omen zuen kontratuan sinatutako ezer bete. Artistak adierazi zuenez, ez zioten lana ordaindu eta gainera bere izenarekin saldu dituzte berak egindakoarekin zerikusirik ez duten piezak. Epaitegietan da orain auzia.