argia.eus
INPRIMATU
EAEn umea izan duen lau emakumetik hiruk 30 urte baino gehiago ditu
Jabier Agirre 2005eko abenduaren 04a

2005eko aurreneko hiruhilekoan, Euskal Autonomia Erkidegoan erditu ziren lau emakumetik hiru 30 urtetik gorakoa ziren. Eustat-ek kaleratutako datuen arabera, 4.747 ume jaio ziren EAEn hiru hilabete horietan, iazko denboraldi berean baino %3 gehiago. Lurralde historikoei begira, Araban 674 ume jaio ziren (hazkundea %6,4koa izan zen, iazko datuekin alderatuz), eta Bizkaian 2.468 (%4,5eko hazkundea). Gipuzkoan, ordea, jaiotza-kopurua aurreko urteko zifra bertsuan mantendu zen, 1.605 hain zuzen.
Jaiotako umeen erdia baino gehiago (2.718) aurreneko seme edo alaba izan zen; beste %36,1 kasutan aurrez senideren bat zuen familietara iritsi zen jaioberria, eta kasuen %6,7an hirugarren senidea da, edo hortik gorakoa.
Amaren adina aztertuz gero, 30-34 urte bitarteko amak izan ziren nagusi, azken urteotan argi eta garbi ikusten den joerari eutsiz: jaiotzen ia erdia (%49) alegia. Eta adin-talde horren atzetik dator 35-39 urte bitartekoena, jaiotzen %27,2. 25-29 urteko amak %17,9 izan ziren. Tarteko adin-talde horietatik aldentzen goazen heinean, jaiotzen kopuruak ere behera egiten du, eta horrela, 25 urtez azpiko amen taldea %5,2 besterik ez zen izan. Eta 40 urtetik gorako ama %4,1 egin ziren.
Bikoteak ezkonduta zeuden ala ez ere erregistratzen da Eustat-eko datuetan -arrazoi sozialengatik seguruenik, arrazoi mediko edo sanitarioei begira baino gehiago-. Eta ezkondu gabe dauden bikoteetatik jaiotako umeak %22,8 izan ziren, aurreko urteko lehen hiruhilekoan izandako tasa baino bi puntu gehiago. Bizkaia izan zen EAEko batez bestekoaren azpiko portzentajea erakutsi zuen lurralde bakarra (%22ko zifrarekin). Eta ezkontzaz kanpoko talde honetan, ama erdiberrien adina dezentez baxuagoa izan zen, 25 urtez azpikoak baitziren %15,8.