ETAk nazioartean zabaldu duen komunikatuak bazterrak astindu ditu berriz. Ez ei da ezeren seinale, baina hala bada nekez uler daiteke eman zaion oihartzuna, horien artean Europako Batasunetik balizko bitartekaritza kontuez egin diren adierazpenak. Onuragarria litzateke halako bitartekaritza, zalantzarik gabe, eta zaila da irudikatzen halako proposamenik iradoki daitekeenik Espainiako Gobernuaren oniritzirik gabe. Aztien edo jakitunen eremukoa da ezagutzea kontu hauek elkarrizketa edo kontaktuen fruitu ote diren, edo halakorik ba ote den ere. Ezaguna da halako prozesu askotan zerbait ofizialdu aurrekoak ez duela existitzen. Bi adibide: joan den igandean El Diario Vasco eta El Correo-n egindako elkarrizketetan Alberto Surio kazetariak PSE eta Batasuna mahai azpian hitz egiten ari diren galdetu zion Patxi Lopezi, eta honek halakoren berririk ez zuela erantzun zion. Baina oso ezaguna da alderdi bien artean elkarrizketak izan badirela, hauei izaera ofiziala eman ala ez. Beste adibide bat nahiko aspaldikoa da -behintzat protagonistetako batek kontatzen duenaren arabera-, 98koa hain zuzen, eta Ardanza Plana eta HB biltzen ditu. Zenbaki honetan bertan egindako elkarrizketan kontatzen du Jose Antonio Ardanza lehendakari ohiak, nola HBk adierazi zion bere planak bazituela gauza interesgarriak eta nola lehendakariak bitartekarien bidez zera erantzun zion ezker abertzaleko erakundeari: «Bada jarraitu dezatela publikoki ezetza ematen, eurak baietza esaten hasten badira, besteek ezetza esan beharko dute eta».