argia.eus
INPRIMATU
18/98
Joxemari Ostolaza 2007ko otsailaren 21a
Marka gaitza, Garzon bere gibeletikoek aldareetara igotzeko modukoa. Bere burua suharki maite duenak, sekulako lanabesa aurkitu du ETAn Espainiako betiereko historian leku pribilegiatua izateko. Euskal bustidura izan lezakeen edozer zaio baliagarri bere buruarekiko maitasuna asetzeko. Eta epaiketa deitu dion honen lehen emanaldiak ikusita, irrigarria gertatzen da espektakulua, izen-abizenak eta izanak dituzten pertsonen etorkizuna xehatzen ari ez balira. Izan ere, beren entrepesari jardunetan salario normalizatu bat etxeratzea lortu ez duten pertsonak ETAren finantzaritzat jotzea, astakeria juridikoa izateaz gain adar-jotzea ere bada. Eta tamainako lelokeriak pertsona horiek kartzelaratzeko egokiera ematen badie gu guztion adimenaren iraingarri, alferrik dituzte etengabe igortzen dizkiguten bake eta bare kantuak, bortxaz gortu eta mutututakoari arma guztiz azkarra omen den hitza ematea bezalaxe bailitzateke. Espainiar progresia antifrankista omen zen hura monarkiak irentsi zuenetik, Sanjurjo baino erregezaleagoak bilakatu zirenetik ez da giro paraje horietan, Euskal Herria sos eta giza ahalmenez deskapitalizatzeko helburuarekin denek bat egiten duten eremu horietan. Lehorte intelektualak biziarazten ditu itota, pozik edo.