argia.eus
INPRIMATU
Zer da: Dassault Aviation
Daniel Udalaitz 2005eko azaroaren 27a

Dassault Aviation, S.A. talde aeronautiko frantsesa da eta produkzioko instalazioetako bat Biarritzen (Lapurdi) dauka. 1936an sortua da eta Frantzian ez ezik, bost kontinenteetako 70etik gora herrialdetan ere badago, zeinetan milaka langile ari diren lanean. Talde aeronautiko frantsesak arlo zibilerako eta militarrerako egiten du lan, eta goi teknologiako konpainia industrialen sare bati ematen dio negozioa, hala Frantzian, nola Europan, Estatu Batuetan eta munduko beste herrialde batzuetan. Jarduera militarrean, gerrako hegazkinaren Europako kontsortzio baten buru da, Frantziarekin, Greziarekin, Italiarekin, Espainiarekin, Suediarekin eta Suitzarekin batera. Hain zuzen, iaz izenpetu zuen ardurako kontratu bat gerrako hegazkinari buruz, EADS multinazionalarekin. Biarritzeko instalazioetan, osagai aeronautikoak ekoizten ditu eta ekipamenduak errebisatzen, baina, horrez gainera, hegazkinen fuselajeen akoplamenduak eta haien osagai batzuen muntadurak ere egiten ditu. Lapurdin, mila lanpostu baino gehixeago dauzka. 2004. urtean, Dassault Aviation, S.A.k 3,3 milioi euro fakturatu zituen: %51 arlo zibilean eta %49 arlo militarrean. Irabazietan, 295 milioi inguruan ibili zen.